ACSAk, elikagaietako kromoaren ingesta aintzat harturik, metal horrek giza osasunerako duen arriskuaren ebaluazioaren emaitzak argitaratu ditu, eta ondorioztatu du dietan kromoa jateak ez dakarkiola arriskurik giza osasunari.

Elikagaietako eta uretako datuak

Ebaluazioa egiteko, ACSAk elikagai- eta ur-laginetako kromoaren kontzentrazio osoa aztertu du. Multzoen arabera, olio eta gantzetan aurkitu da kromo gehien, eta opilgintza-produktuetan ondoren. Zehazki, eduki handienak ekilore-olioan eta madalenatan aurkitu dira (pisu freskoaren 2,19 μg/g eta 1,48 μg/g, hurrenez hurren).

Bestalde, Bartzelonan, giza kontsumorako uraren kromo-kontzentrazioa 5 μg/l-tik beherakoa da. Edonola ere, ez dago elikagaietako gehieneko edukirik ezarrita, eta, giza kontsumorako urari dagokionez, 50 µg/l-ko gehieneko edukia jarri da.

Datu toxikologikoak

EFSAk gorputz-pisuaren kilo bakoitzeko 300 µg kromoko eguneko ingesta onargarria ezarri zuen, toxikotasun kronikoari buruzko ikerketetan oinarrituta; izan ere, ikerketa horietan ez zen inolako ondorio kaltegarririk aurkitu azterturiko dosietan (EFSA, 2013).

Cr VI, industria-jatorriko kutsatzailea, kartzinogenoa da ahoz irensten bada, eta, nahiz eta zati handiena Cr III bilakatzen den urdailean, gerta liteke zati txiki bat hestera igarotzea eta han xurgatzea. EFSAk, Cr VI-k hestean izan ditzakeen ondorio kartzinogenoak ikusirik, eguneko erreferentzia-dosi hau ezarri du (BMDL10): 1 mg Cr VI, gorputz-pisuaren kilo bakoitzeko.

Horrenbestez, bai IARCek bai EPAk ondorioztatu dute Cr VI kantzerigenoa dela gizakietan.

Arriskuaren ebaluazioa

Kontuan harturik azterturiko elikagaien eguneko kontsumoa eta elikagai horien kromo-eduki osoa, Kataluniako Agentziak gizatalde bakoitzak gutxi gorabehera zenbat kromo kontsumitzen duen kalkulatu du: haurrek jaten dute gehien (29,63 μg/kg/egun), eta 65 urtetik gorako gizonek eta emakumeek gutxien (10,09 μg/kg/egun eta 9,24 μg/kg/egun, hurrenez hurren). Ogiak eta zerealek egiten dute ekarpenik handiena (237,3 μg egunean), eta haragiak eta haragitik eratorritako jakiek ondoren (134,6 μg egunean).

Egoerarik onenean, kontuan hartzen badugu elikagaietako kromo guztia Cr III dela, gizatalde guztien ingesta EFSAk ezarritako 300 μg/kg-ko eguneko ingesta onargarria baino txikiagoa da.

Bestalde, egoerarik txarrenean, kontuan hartzen badugu kromo guztia Cr IV dela, ingestak EFSAk ezarritako 1 mg/kg/egun segurtasun-baliotik behera daude.

ACSAren Erabateko dietari buruzko azterlana – Kromoa elikagaietan