Elikagaien Segurtasunerako Finlandiako Agentziak (EVIRA) dietako nitrato eta nitritoen ingestak dakarren arrisku-ebaluazio bat egin du. Bertan ondorioztatu du Finlandian 3 urteko haurren % 14k eta 6 urteko haurren % 11k gainditu egiten duela nitritoen Eguneroko Ingesta Onargarria (EIO). Bada, horrek giza osasunerako arriskua eragiten du.

Alde batetik, nitratoen aurreko esposizio handiagoa iturri naturalen, barazkien, fruten eta uraren kontsumotik dator. EVIRAk, EFSAk bezala, zehaztu egin du fruta eta barazkien kontsumorako gomendatutako dosien onurek gainditu egiten dituztela landare-produktu horietako nitritoek eragin ditzaketen arriskuak.Dena den, zenbait barazkiren muturreko kontsumitzaileei (funtsean, nitrato-kopuru handiak metatzen dituzten barazkienak: letxugak, espinaka eta erremolatxa) gomendatzen die kontsumo hori murrizteko; izan ere, herritarren talde horrek gainditu egin dezake nitratoen EIOa.

Beste alde batetik, nitratoen kontsumoari lotutako arriskua da nitrito bihurtzeko aukera, horiek toxikoagoak baitira gizakiarentzat. Bihurtze horri nitritoen euren kontsumoa gehitu behar zaio. Finlandian, haurren artean nitrito gehien ematen dituen iturria saltxitxa egosiak dira, kontsumoa handiagoa baita herritar-talde horretan.

Nitrato eta nitritoak kontserbatzaile legez erabiltzen dira, elikadura-intoxikazioak eragin ditzaketen bakterioak haztea saihesteko. Are gehiago, Finlandiako haragi-produktuak egiteko erabilitako tratamendu termikoak ez dira nahiko Clostridium botulinumaren (botulismoa eragiten duen bakterioa) esporak suntsitzeko.Elikagaien industrian, nitritoak erabiltzea beharrezkoa da gatz gutxiko eta bizitza erabilgarri luzeko elikagaien osasungarritasuna bermatzeko.

Ebaluazio berri honen ondorio legez, Finlandiako Agentziak ezarri du EIOa gainditzen duen epe luzeko nitritoen aurreko esposizioak arriskua dakarrela giza osasunerako, eta horrek Europar Batasun guztia kezkatzen du; beraz, nitrato eta nitritoek elikaduran gehigarri gisa erabiltzeari buruzko ebaluazio berria egingo da 2015aren amaieran. Horrekin batera, EIOak ezartzeko irizpideak ere berrikusiko dira.

Azterlanaren laburpena

Txosten osoa: Nitrato eta nitritoen arrisku-ebaluazioa (abstract English)