ACSAk, Dieta Osoaren Azterlanaren barruan, ebaluatu du elikagaietako akrilamida irensteak zenbateko osasun-arriskua dakarkien kataluniarrei. Emaitzek erakusten dutenez, akrilamidarekiko esposizioa EFSAk ezarritako erreferentzia-dosirako konfiantzazko gutxieneko mugatik behera dago.

Akrilamidaren kontzentrazioa

Elikagai ontziratuen 264 lagin aztertu ziren: chips patatak, patatarekin egindako gosegarriak, moldeko ogia, ogi xigortua eta biskoteak, ogi zuria, garitik eratorritako gosaltzeko zerealak, gosaltzeko zereal-nahasteak, gailetak, kafe xigortua, berehalako kafe-hautsa eta margarina.

Emaitzek erakusten dute berehalako kafe-hautsak eta gailetek akrilamida-eduki handiagoa dutela batez beste (594 eta 454 μg/kg, hurrenez hurren). Chips patatek eta patatarekin egindako gosegarriek ere akrilamida-eduki nahiko handiak dituzte (435 eta 243 μg/kg, hurrenez hurren). Hala ere, jaki horiek guztiak Europar Batasuneko legeriak gomendaturiko mugetatik behera daude (CE 2013/647 Gomendioa).

Esposizioaren ebaluazioa

Azterlan honetan ez dituzte haurrak kontuan hartu (10 urtetik beherakoak), ezin izan baita bildu biztanleria-talde horrengan eragin nabarmena duen elikagairik; esaterako, zerealekin eginiko produktuak.

Azterturiko elikagaien kontsumoaren ondoriozko batez besteko akrilamida-esposizioa kontuan hartuta, kalkulatu da egunean 7,7 μg akrilamida hartzen direla. Helduetan (40-64 urte) agertu da eguneko ingesta handiena (8,6 μg), eta 65 eta 74 urte bitarteko biztanleetan, berriz, ingesta-balio minimoak agertu dira (6,4 μg/egun).

Nerabeetan, akrilamida-ingesta handiena gaileten taldean agertu zen, eguneko 4,49 μg-ko ingestarekin. Bestalde, kafe xigortuak eragin zuen ingesta handiena helduen bi adin-tarteetan (18-39 urte eta 40-64 urte): egunean 2,38 eta 4,12 μg, hurrenez hurren.

Azterlan honek erakutsi dituen ingesta-balioak beste herrialde batzuetako azterlanetan aurkitutakoen oso antzekoak dira.

Ondorioa

Ondorio gisa, dietaren bidezko egungo akrilamida-esposizioa erreferentzia-dosirako konfiantzazko gutxieneko mugatik oso behera dago (170 μg/kg/eguneko BMDL10 efektu neoplasikoetarako, eta 430 μg/kg/egunekoa efektu neurotoxikoetarako). Balio horiek, EFSAren arabera, ez dute efektu neurotoxikoen inolako arriskurik eragiten; dena dela, ezin da guztiz baztertu efektu genotoxikoen eta/edo kantzerigenoen arriskua.