FAOren Codex Alimentarius Batzordeak eta OMEk arau batzuk ezarri dituzte elikagaietan gehieneko berun-mailak kontrolatu eta murrizteko elikakatearen faseetan.

Berunak nonahiko presentzia duenez mundu industrial modernoan, berun‑maila txikiak ezin dira ekidin elikagaietan. Hala ere, nekazaritza- eta fabrikazio-jardunbide egokiak (NJE eta FJE) aplikatzeak berun-kutsadura murritz dezake elikagaietan. Gainera, beruna murrizteko esku-hartze erabilgarri asko kontsumitzaileen ekintzen mende daude; beraz, kode honetan kontsumitzaileentzako jardunbide egokien atal bat ere gehitu da.

Jarraian, elikakatearen faseetan aplikatu beharreko jardunbide egokietako batzuk zehazten dira:

Lehen mailako ekoizpena (nekazaritza eta abeltzaintza)

  • Berun-mailak aztertzea lurzoruetan, bereziki berun-iturrietatik gertu dauden ustiategietan edo berun-maila handiak dituztelako susmoak dituztenetan.
  • Abereen belar-kontsumoa ahalik eta gehien murriztea, elikadura-dieta orekatu baten bidez (mineralen nahasketak barne).
  • Oro har, abereentzako berunaren esposizio-iturri potentzialak daudenean, beharrezkoa da hesiak ipintzea, iturri horiekiko esposizioa murrizteko.
  • Berun-maila handiak dituzten behi edo beste esne-animalia batzuen esnea ezin da erabili beruna agintaritza nazionalek egokitzat jotzen dituzten mailetara jaitsi arte.
  • Baimendutako gehieneko berun-mailak betetzen ez dituzten ongarriekin landutako lurretan laboratzea ekiditea eta beruna duten pestizidak erabiltzea ekiditea.
  • Atmosferan berun-maila handiak dituzten eremuetan, airean beruna uzteko arrisku txikiagoa duten laboreak aukeratzea. Adibidez, hostozko barazkiak zaurgarriagoak dira hostozkoak edo sustraikoak ez direnak baino, baita zereal-aleak ere.

Garraioa

  • Laboreak berun atmosferikoarekiko (lurra, hautsa) esposizioaren aurrean babestu behar dira prozesatzeko instalazioetara garraiatzean.

Fabrikazioa

  • Elikagaiak ekoizten dituzten establezimenduek beruna mugatu behar dute elikagaietan, gomendatutako gehieneko mailen azpitik, bereziki bularreko haurrei eta haurrei zuzendutakoetan.
  • Lehengaien, osagaien eta amaitutako produktuen analisi periodikoak egitea, egiaztatzeko kontrol-neurriak eraginkorrak direla.
  • Barazkien gainazaleko beruna deuseztatzea ondo garbituta, hostozko barazkien kanpoko hostoak kenduta eta sustraiko barazkiak zurituta.
  • Ziurtatzea elikagaiak prestatzeko ur-hornidurak baimendutako gehieneko berun-mailak betetzen dituela.
  • Metal-detektagailuak eta X izpiak erabiltzea elikadura-instalazioetan.

Ura

  • Agintaritza nazionalek baimendutako gehieneko berun-mailak finkatu behar dituzte, ur edangarrian berun-mailak kontrolatzeko. (OME: 0,01 mg/L).
  • Berun-maila handiak dituzten ur-sistemen administratzaileek tratamendu-teknika egokiak gomendatu behar dituzte, adibidez ur azidoen pH handitzea, korrosioa ahalik eta gehien murrizteko eta berunaren lixibiazioa murrizteko banaketa-sisteman.

Ontziratu eta biltegiratzea

  • Agintaritza nazionalek arauak ezarri behar dituzte elikagaiekin kontaktuan dauden materialen beruna migratzeko, adibidez zeramika tradizional beiratua, berun‑kristala eta kontsumitzaileek elikagaiak biltegiratu edo prestatzeko erabil ditzaketen beste ontzi batzuk.
  • Elikadura-establezimenduek ez dituzte berunarekin soldatutako latak edo berunean oinarritutako inprimaketa-tintak erabili behar elikagaiak ontziratzeko, hala nola gozoki-bilgarrien edo plastikozko poltsa edo kutxen kasuan.

Etxean

  • Agintaritza nazionalek kontsumitzaileak sentsibilizatu eta hezi behar dituzte berunaren arriskuari buruz, bereziki haurrei, berun-iturriei eta etxean prestatutako edo lorategian hazitako elikagaien berun-kutsadura murrizteko jardunbide egokiei dagokienez.
  • Ondo garbitu fruta eta barazkiak, beruna izan dezaketen hautsa eta lurra kentzeko. Hosto berdeko barazkien kanpoko hostoak kendu eta tuberkuluak zuritu.
  • Elikagaiak eta sukaldeko tresnak gorde ontzi zigilatuetan edo armairu itxietan, beruna duen hauts atmosferikoaren aurrean babesteko.
  • Ez biltegiratu elikagaiak, bereziki azidoak edo bularreko haurrei edo haurrei zuzendutakoak, zeramika apaingarrian, berun-kristalean edo beruna iragazi dezaketen beste ontzi batzuetan.
  • Belar aromatikoek, espeziek eta onddo basatiek beruna izan dezakete berun‑esposizioko eremuetakoak badira.
  • Ehiza-haragia berun-esposizioaren iturria izan daiteke; beraz, haurrei eta haurdun edo adin ugalkorrean dauden emakumeei gomendatzen zaie kontsumoa murriztu edo ekiditea.