Ikerketa honetan, aflatoxinek elikagaietan duten presentziari buruzko 200.000 emaitza analitikotik gora erabili dira. Aleak eta alez egindako produktuak izan dira elikagaien bidezko AFB1ekiko batez besteko esposizio-mailarik handiena eragin dutenak adin-tarte guztietan. Aldiz, esne likidoa eta hartzitutako esnekiak izan dira AFM1ekiko batez besteko esposizio-mailarik handiena eragin dutenak. Aflatoxinak genotoxikoak dira eta AFB1ek kartzinoma hepatozelularrak (CHC) eragin ditzake gizakiengan.

EFSAren Elikakateko Kutsatzaileei buruzko Taldeak (CONTAM) aflatoxinek gizakiontzat duten toxikotasuna ebaluatzen duen iritzi zientifikoa eman du. Bertan, Europar Batasuneko (EB) herritarrek aflatoxinekiko duten esposizioa baloratu eta herritarrek elikaduraren bidezko esposizioagatik izan ditzaketen arriskuak baloratu ditu.

Honako aflatoxina hauek aztertu dira, zehazki: B1 aflatoxina (AFB1), B2 aflatoxina (AFB2), G1 aflatoxina (AFG1), G2 aflatoxina (AFG2) eta M1 aflatoxina (AFM1). Aflatoxinen guztizkoak, oro har, horien guztien baturari (AFB1, AFB2, AFG1 eta AFG2) egiten dio erreferentzia.

AFB1, AFB2, AFG1 eta AFG2 mikotoxinak dira, oro har Aspergillus flavus eta Aspergillus parasiticus onddoen andui toxigenikoek eragiten dituztenak. Arestian aipatutako lau aflatoxina horiez gain, beste substantzia batzuk ere sortzen dituzte onddo horiek, besteak beste, aflatoxikola eta esterigmatozistina.

Kontaminatutako elikagaietan maizen aurki daitekeen aflatoxina AFB1 da, eta, gehienetan, gainerako hirurak ez dira agertzen AFB1ik ez badago. Aflatoxinak sortzen dituzten onddoak klima epela eta hezea dagoen tokietan agertu ohi dira, eta aflatoxinak dituzten elikagaiak uzta jaso aurretik zein ostean kontaminatzen dira. Adituek aurreikusi dute klima-aldaketak eragina izango duela Europako elikagaietan dauden aflatoxinetan.

AFB1en metabolito hidroxilatua da AFM1, eta kontaminatutako elikagaiak kontsumitu dituzten animalien esnean eta esne horretatik eratorritako esnekietan aurki daiteke. Halaber, giza esnean ere presente dago.

Arriskuen identifikazioari eta karakterizazioari buruzko ondorio nagusiak

  •  Eskuragarri dauden datu gehienak AFB1i buruzkoak dira; informazio gutxi dago gainerako aflatoxinei buruz.
  •  AFB1 oso erraz xurgatzen da, eta gibelera joaten da.
  •  AFB1 eta bere metabolitoak gorozkiaren eta gernuaren bidez iraizten dira. Halaber, amaren esnearen bidez ere iraizten da AFM1. Epe laburreko toxikotasunaren azterketetan ikusi da AFB1ek eragin negatiboak dituela karraskarietan, barne hartuta ohiko hazkundearen inhibizioa, kalteak gibel eta giltzurrunetan eta nahasmendu iraunkorrak hesteetako mikrobiotan.
  •  Ildo horretan egindako ikerketa berrienek berretsi egiten dute AFB1 genotoxikoa dela, eta beste aflaxina batzuen genotoxikotasunari buruzko informazio mugatu berria eskuratu da.
  •  Honela laburbil daiteke potentzia genotoxikoa zelula hepatikoetan (HepG2): AFB1 > AFG1 aflatoxikola > AFM1. Aldiz, AFB2k eta AFG2k ez dute genotoxikotasunik eragin hiru giza ildo zelularretan (HepG2, kolon eta ondesteko kartzinoma eta giltzurrunetako kartzinoma).
  •  Badirudi ernaldian zeuden ama-saguak gainerakoak baino sentikorragoak zirela AFB1en genotoxikotasunarekiko.
  •  Gizakietan, mutazio-sinadura bat hauteman zen CHCn, bat datorrena aflatoxinekiko esposizioarekin.
  •  B1 lisina aflatoxina, gernuko AFB1-N7-Gua aduktua eta gernubideetako AFM1 esposizioa-biomarkatzaileak dira, eta adituek baliozkotu egin dituzte aflatoxinaren elikaduraren bidezko ingestarako. Alabaina, ez dago modurik biomarkatzaile horien mailak banakoen elikaduraren bitarteko esposizio bihurtzeko.
  •  2006tik egin diren ikerketa informatuek ekarpenak egin dizkiote aflatoxinekiko esposizioa CHC arriskuari lotuta dagoelako ebidentziari, eta agerian geratu da arrisku handiagoa dutela B hepatitisaren birusa (HBV) eta C hepatitisaren birusa dutenek.
  •  AFB1ekiko esposizio handiak heriotza-tasa handia duen aflatoxikosi akutua eragiten du. AFB1ekiko esposizio kronikoko maila baxuagoak zirrosiari eta disfuntzio hepatikoaren adierazleei daude lotuta. Gaur-gaurkoz, ez dago froga nahikorik aflatoxinekiko esposizioa eta behazun-maskuriko eta hesteetako minbizia lotzeko. Halaber, ez dago froga nahikorik GIBaren eta aflatoxinekiko esposizioaren arteko balizko interakzioari dagokionez.
  • Haurren osasuna gero eta interes gehiago pizten ari den ikerketa-esparrua da, aflatoxinekin erlazionatutako arriskuak identifikatze aldera. Alabaina, gaur egun ez dago froga nahikorik datu horiek arriskuen ebaluazioan erabiltzeko.
  •  AFB1ek oxidazio-estresa eragiten du, eta horrek arriskuan jar litzake AFB1etik desintoxikatzeko biderik garrantzitsuenak eta/edo DNA oxidatu lezake. Nrf2 seinaleztatze-bideak garrantzia du AFB1en toxikotasuna desagerrarazteko.
  •  COTAM taldearen aburuz, aflatoxinen kartzinogenotasun hepatikoa da oraindik ere arriskuaren ebaluazioa egiteko baliatu daitekeen eragin nagusia. Aflatoxinen ezaugarri genotoxikoak ikusita, talde horrek uste du ez dela egokia eguneko ingesta toleragarririk ezartzea. Animaliei egindako azterketak oinarritzat hartuta, CONTAM taldeak gorputzaren pisuko (gp) eta eguneko 0,4 lg-ko BMDL10a hautatu zuen arratoi arretan CHC eragina neurtzeko, AFB1ekiko esposizioan egon eta gero. Datu horiek esposizio-marjinaren ikuspuntutik (MOE) aztertu zituzten.
  •  Aldeak daude AFB2 eta AFG2ren potentzia kartzinogenikoaren artean, AFB1 eta AFG1enarekin konparatuta.
  •  Ez da AFM1en 0,1 potentzia-faktorea aldatzea eskatzen duen ebidentzia berririk aurkitu.

Gertaldia/esposizioa EBko herritarrei dagokienez

AFB1 eta AFTren batez besteko kontzentraziorik altuenak “lekaleak, intxaurrak eta olio-aleak” (bereziki: pistatxoak, kakahueteak eta “beste ale batzuk”) elikagaien kategorian erregistratu ziren. Espero bezalaxe, AFM1en batez besteko kontzentraziorik altuenak “esnea eta esnekiak” kategorian erregistratu ziren, baita “bularreko haurrentzako eta haur txikientzako elikagaiak” kategoriako esnez egindako elikagaietan ere.

Helduei dagokienez, AFB1ekiko behe-mugaren (LB) batez besteko esposizioa 0,22 ng/kg gp-tik 0,49 ng/kg gp-ra bitartekoa izan zen eguneko, eta goi-muga (UB), aldiz, 1,35 ng/kg gp eta 3,25 ng/kg gp bitartekoa.

Gazteei dagokienez, AFB1ekiko behe-mugaren (LB) batez besteko esposizioa 0,08 ng/kg gp-tik 1,78 ng/kg gp-ra bitartekoa izan zen eguneko, eta goi-muga (UB), aldiz, 0,58ng/kg gp-tik 6,95 ng/kg gp-ra bitartekoa.

AFB1ekiko behe-mugaren (LB P95) batezbesteko esposizioa 0,62 ng/kg gp-tik 1,36 ng/kg gp-ra bitartekoa izan zen eguneko, helduentzat, eta 0,35 ng/kg gp-tik 6,22 ng/kg gp-ra bitartekoa gazteentzat. AFB1ekiko goi-mugaren (UB P95) esposizioa 2,76 ng/kg gp-tik 6,78 ng/kg gp-ra eta 2,79 ng/kg gp-tik 14,01 ng/kg gp-ra bitartekoa izan zen eguneko talde bakoitzarentzat, hurrenez hurren.

AFM1ekiko eguneko batez besteko esposiziorik altuena bularreko haurrena izan zen: 1,6/2,0 ng/kg gp (LB/UB). Halaber, haien P95arekiko esposizioa 6,2/7,9 ng/kg gp-koa izan zen egunean. Oro har, “aleak eta alez egindako produktuak” dira adin-tarte guztietan elikagaien bidezko AFB1ekiko esposizioan eragin handiena izan dutenak.

Arriskuaren karakterizazioa

Arriskua karakterizatzeko, aintzat hartu ziren aflatoxinek batez bestean gizakiengan minbizia eragiteko duten potentzia eta VHB/VHCren prebalentzia, zeina % 0,2koa baita. Gauzak horrela, aflatoxinen elikagaien bidezko esposizioak minbizia eragiteko duen arriskua 0,001 eta 0,122 minbizi artekoa da, urtean eta 100.000 pertsonako. Hori kalkulatzeko, AFB1ekiko elikagaien bidezko batez besteko esposizioa eta 0,006-0,245 bitartekoa hartu dira aintzat. Azken hori 95. pertzentilak AFB1ekiko duen esposizioan oinarrituta dago.

Aintzat hartuta gizakiengan minbizia eragiteko goi-mugaren (UB) potentzia eta VHB/VHCren % 7,6ko prebalentzia, 0,007 eta 0,612 minbizi artean eragiten ditu aflatoxinen elikagaien bidezko esposizioak, urtean eta 100.000 pertsonako. Hori kalkulatzeko, AFB1ekiko elikagaien bidezko batez besteko esposizioa eta 0,031 eta 1,233 bitartekoa hartu dira aintzat. Azken hori 95. pertzentilak AFB1ekiko duen esposizioan oinarrituta dago.

Gomendioak

  1.  Datu gehiago behar dira AFG2ren potentzial genotoxiko eta kartzinogenikoa zehazteko.
  2.  Ezinbestekoa da datu gehiago eskuratzea AFG1ek eta AFB2k AFB1ekiko dituzten potentzia-faktoreak eta AFG2renak eskuratzeko.
  3.  Biomarkatzaileen mailak eta banakoen elikagaien ingestaren arteko harremana kuantifikatzera bideratutako ikerketa egitea gomendatzen da, zeinak elikagaiekiko denboran zeharreko esposizioa eta biomarkatzaile-mailak barne hartuko dituen. Ikerketa hori aflatoxinarekiko elikagaien bidezko esposizio indigena duten biztanlerietan egin beharko litzateke; izan ere, horri esker biomarkatzaileen mailak neurgarriak izango lirateke.
  4.  Datu gehiago behar dira aflatoxikolaren eta AFM2ren agerpenari buruz.
  5. Sentsibilitate-maila altuko metodoak behar dira horiek guztiak detektatzeko.