FAO/OMEren Arrisku Mikrobiologikoen Ebaluazioari buruzko Adituen Batzordeak (JEMRA) patogeno horrek kutsatzeko arrisku handiena izateagatik hautatutako lau elikagai-taldeetan Listeria monocytogenes bakteriorako Arriskua Ebaluatzeko lau eredu garatu ditu: hosto berdeko barazkiak (moztuak eta ontziratuak, eta osoak), izoztutako barazkiak, kontsumitzeko prest dauden frutak eta kontsumitzeko prest dauden itsaskiak.


  • Ereduak ekoizpen primariotik kontsumitu arte aplikatu behar dira.
  • Aintzat hartu behar da gertagarria dela ekoizpen primariotik kontsumitu arte kutsadura gurutzatua
  • Ekoizpen primarioko moduluak (uzta bildu aurretik) ahalbidetu behar du lehengaietan patogenoak sartu diren ebaluatzea, kontuan hartuta lantokiaren, nekazaritzako elikagaien jardueren eta klima-aldaketaren eraginak.
  • Dosia-erantzuna (DE) eredua existitzen diren ereduetatik abiatua hartuko da; izan ere, eredu horiek patogenoen birulentziaren aldagarritasuna eta kontsumitzaileen sentikortasuna aintzat hartzen dute.
  • Genoma osoaren sekuentziazioak (WGS) eta monocytogenes bakterioari buruzko beste datu omiko batzuek arriskua ebaluatzen lagundu dezakete.
  • Ziurgabetasunaren eta sentikortasunaren analisia egin behar da emaitzetan eragin handiena duten kasuak identifikatzeko (dosia eta kontsumitzaileentzako arriskua, besteak beste), eta horrek egoera “hipotetikoak” eta datuen beharrak identifikatzen lagunduko du.
  • Oinarrizkoa da elikakatean monocytogenes bakterioari buruzko datu gehiago biltzea, arriskuen ebaluazioaren laginketa funtsatzeko laginen eta proben zenbait sistematatik abiatuta.

Garatutako ereduak programatu, probatu eta berrikusi behar dira, egiaztatzeko ereduak elikakatearen esku-hartzeak nahiz klima-aldaketaren eta nekazaritzako eta eraldatzeko jardunbideetako aldaketen eraginak ebaluatzen dituzten egoerak simulatu ahal izateko behar bezain malguak direla. Gainera, ereduek malguak izan behar dute, eskualdeko, estatuko eta nazioarteko mailako datu berriak sartzeko.

Bestalde, ereduek ahalbidetu behar dute arrisku altuko biztanleriarako gomendio espezifikoak egitea eta baldintza aldakorrak aintzat hartzea, hala nola patogenoaren bilakaera, anduiaren prebalentziari eta birulentziari buruzko eskura dauden datu genomiko berriak, kontsumoko jardunbideetako aldaketak eta klima-aldaketa.

Horretaz gain, aditu taldeak proposatu zuen etorkizunean elikagaietan L. monocytogenes kontrolatzeko elikagaien higieneari buruzko printzipio orokorrak aplikatzeari buruzko Kodexaren Zuzentarauaren (CAC/GL 61 – 2007) (FAO/OMS, 2007) hiru eranskinak berrikustea, egungo ebidentzia zientifikoan oinarrituta baitaude.