EFSAk txosten bat argitaratu du, giza osasunarentzat arriskutsuak izan daitezkeen eta elikakatean sar daitezkeen substantzia kimikoak identifikatzeko sailkapen- eta lehentasun-prozedura bat garatzen duena. Substantzia kimiko horiek (REACH araudiak araututako substantziak) arrisku kimikoak sor ditzakete.

Horretarako, 104 substantzia kimiko 6 bloketan sailkatu dira; hiru bloke esposizioari dagozkio (A-C), eta beste hirurak toxikotasunari (D-F):

  • A blokea: igorpena ingurumenera.
  • B blokea: biodegradazioa ingurumenean.
  • C blokea: biometatzea elikagaietan.
  • D blokea: toxikotasuna dosi errepikatuetan esperimentazio-animalietan.
  • E blokea: toxikotasuna esperimentazio-animalien ugalketan eta garapenean.
  • F blokea: genotoxikotasuna in vitro eta in vivo.

EFSArentzat, esparru interesgarriena substantzia kimikoek elikakatean duten biometatzea ebaluatzea da, eta, ikerketa honetan, 104 substantziek 12 elikagai- eta pentsu-kategoriatan duten biometatzea aztertu da.

Substantziak sailkatu ondoren, 8 egoera hartu dira kontuan substantziei puntuazioa emateko eta A, B eta C puntuetan pisu desberdina emateko. Toxikotasunaren 3 blokeetan (D-F), berriz, puntuaziorik altuena erabili da. Esate baterako, substantzia batek puntuaziorik altuena genotoxikotasunean badu, arrisku gisa identifikatzen da bere horretan, esposizioan edo toxikotasunean duen puntuazioa edozein dela ere. Nolanahi ere, puntuazio guztiak independenteak izan dira, eta horrek aukera ematen du konbinazioak eta ebaluazioak egiteko.

Txostenean ondorioztatzen denez, ebaluatutako 104 substantzien % 4k puntuazio oso altuak jasotzen dituzte, eta zatiki hori REACH legeriaren arabera erregistratutako 5.500 substantziei aplikatzen bazaie, 220 substantzia kimiko inguruk sortu ahal izango dituzte arrisku kimikoak.

Elikakatean sar daitezkeen arriskuetan zentratuz gero, baliteke substantzia kimikoen kopurua pixka bat txikiagoa izatea; izan ere, gehiago ziren A blokean (igorpena ingurumenera) puntuazio baxua zuten substantziak.

Ikerketaren egileen gomendioen arabera, hurrengo pausoa arriskuak sor ditzaketen substantziak banan-banan aztertzea litzateke, jada araututakoak eta aztertutakoak alde batera utzita, eta ondoren substantzia kimiko horiek elikakatean duten presentziari buruzko datuak biltzea.

EFSAren txostena – Elikakatean sor daitezkeen arrisku kimikoak identifikatzeko prozedura