Elikakatearen Kontrol Ofizialei buruzko Araudi berriak, orain dela gutxi onartutakoak, Europako egungo sistema indartuko du, nekazaritzako elikagaien kate osoan pertsonenganako, animalienganako eta landareenganako arriskua saihesteko, ezabatzeko edo txikitzeko arauak ezarrita.

Estatu kide bakoitzeko agintaritza eskudunek arauok behar bezala aplikatzen direla bermatuko dute.

Araudi berri horren helburuak dira, batetik, kontrolen sistema sinplifikatzea eta bateratzea, bestetik, gardentasuna eta eraginkortasuna handitzea eta, azkenik, legegintza-sistema malguago egitea.

Hurrengo hiru urteetarako, 34 egintza eskuordetu eta 51 betearazpen-egintza gauzatu beharko dira, eta koordinazioa funtsezkoa izango da horretan, lan hori guztia egin eta ezarritako epeak bete ahal izateko.

Araudi berria ezartzeak honako alderdi hauei eragingo die:

  • Enpresak eta agintaritzak: administrazio-karga murriztuko zaie, eta prozesu eraginkorragoak eta kontrol zorrotzagoak izango dituzte.
  • Kontsumitzaileak: elikagaiak kaltegabeak direla bermatzeko kontrolak modu gardenagoan egingo dira, eta landareen osasunarekin, animalien osasun eta ongizatearekin eta iruzurraren prebentzioarekin lotutako segurtasun-estandarrak areagotuko dira.

Arau berriek aurreko araudiaren aplikazio-eremua areagotzen dute, landareen osasunari, animalia-azpiproduktuekin lotutako arauei eta iruzurraren prebentzioari estaldura handiagoa emateko. Era berean, aurrez estalita dauden zenbait arlotarako arau espezifikoagoak ematen ditu; esaterako, osasunaren eta animalien ongizatearen ingurukoak.

Bestalde, kontrolak sektore bakoitzaren aplikazio-behar berezietara egokitzeko bide emango du.

Arriskuen analisian oinarritutako ikuspegi horrekin, produktu edo prozesu batek iruzurrarekin, osasunarekin, segurtasunarekin, animalien ongizatearekin eta ingurumenarekin lotuta dauzkan arriskuen araberakoa izango da kontrolen maiztasuna. Halaber, arriskuaren ebaluazioan sartuta egongo dira, besteak beste, operadoreak orain arteko arauetan izan duen betetze-mailari buruzko txostena, eta kontsumitzaileei jakiaren propietateen, kalitatearen, osagaien edota jatorriaren inguruan iruzur egiteko dagoen probabilitatea.

Kontrolak aldez aurretik abisatu gabe egingo dira, beharrezkoa ez bada behintzat.

Kontrolen bitartez, hobeto aprobetxatu ahal izango dira baliabideak, eta, hala, baliabide jakin batzuk lehentasunezko arloetarako erabili ahal izango dira. Arau berriekin, gainera, gardentasun handiagoa eta ardura handiagoa exijitzen zaie estatu kideetako agintaritzei; esaterako, urteko txostenak argitaratu beharko dituzte nahitaez, eta herritarren eskura jarri.

Kontrol ofizialen tasak modu gardenean kalkulatuko dira, eta, horrela, estatu kideek gastuak gutxi gorabehera zenbatekoak izango diren aurreikusiko dute.

Kontrol ofizialak EBko herrialdeek egiten dituzte, enpresek Europako nekazaritzako elikagaien kateko arauak betetzen dituztela egiaztatzeko. Arauokin, elikagai eta pentsuen segurtasuna eta kalitatea, landareen osasuna eta animalien osasuna eta ongizatea bermatu nahi dira.

2004an onartutako aurreko araudiaren bidez, kontrol ofizialen gaineko arauak hasi ziren txertatzen. Bada, kontrol ofizialei buruzko araudi berriak nekazaritzako elikagaien kate osoko arriskuan oinarritutako kontrol-neurri gehiago dakartza.

Horri esker, agintaritza nazionalek behar handiena duten arloetarako erabili ahal izango dituzte euren baliabideak. Bestalde, araudi berriak baliorik gabe uzten ditu arau zurrunak.

Arau jakin batzuen bidez erregulatuko dira animaliei, animalia-jatorriko produktuei, landareei eta osasunerako, segurtasunerako, animalien ongizaterako edota ingurumenerako arriskutsuak izan daitezkeen beste produktu eta salgai batzuei mugan egiten zaizkien kontrolak. Arauok aplikatuko dira, era berean, salgai batzuk mugako kontrol-postuetara desbideratzeko erabiltzen diren irizpideen gainean.

Kontrolen maiztasuna arriskuaren araberakoa izango da, eta kontuan hartuko dira, halaber, sistema informatizatu moderno batean bildutako kontrolen datuak eta txostenak. Sistema horrek baliabideak beharrezko helburuetarako erabiltzen direla bermatuko du.

Bestalde, sarrerako osasun-dokumentu komunitario bat (Common Health Entry Document) sortuko da hirugarren herrialdeetatik bidaltzen diren produktuentzat.

Bai. Lege berri honek Internet bidez saldutako elikagaiei ere eragiten die; beraz, merkataritza elektronikoa ere kontrol ofizialen menpe egongo da.

Araudi berriak ezartzen du estatu kideek produktuak online eros ditzaketela beren burua identifikatu gabe (mystery shopper gisa), kontrola egin ahal izateko, eta erositako produktuak lagin ofizial gisa erabili.

Araudia betetzen ez dela ikusiz gero, zigorrak jarri ahal izango dituzte, operadorearen kokalekua edozein izanik ere.

Araudiak ezartzen du Animalien Ongizaterako Erreferentziazko Zentro Komunitario bat sortu behar dela, Europar Batasuneko herrialdeei kontrol ofizialak egiten laguntzeko. Hain zuzen ere, zentroak azterlan zientifiko eta teknikoak egingo ditu, prestakuntza-programak antolatuko ditu eta lortutako ikerketa-emaitzen berri emango du.

Urtebeteko epea ezarri da zentro hori sortzeko; horrenbestez, hau izango da lehenik eta behin onetsi beharreko legegintzako egintzetako bat.

Araudia animalien ongizatearen arloko kontrol ofizialei aplikatzen zaie (garraioa, hilketa eta estabulazioa), eta Europako Batzordearen legeria ezartzea ahalbidetzen du, kontrol ofizialerako eskakizunak animalien ongizaterako beharrizan espezifikoetara egokitzeko, animalien ongizaterako adierazleak txertatu ahal izateko.

Iruzurrak kontsumitzaileek konfiantza galtzea ekartzen du, lehiari kalte egiten dio eta kontsumitzaileen osasuna arriskuan jar dezake. Arau berriek estatu kideei exijitzen diete aldizkako kontrol ofizialak egin ditzatela, aurrez jakinarazi gabe, iruzurrezko jardunbideak detektatzeko.

Kontrol horien artean, besteak beste, nekazaritzako produktuek merkaturatze-arauak betetzen dituztela egiaztatu behar da.

Iruzurragatiko zigor ekonomikoen zenbatekoek operadore iruzurgileak espero dituen irabazi ekonomikoen araberakoak izan beharko lukete.

Horrez gain, Erreferentziazko Zentro Komunitarioak ezarri ahal izango dira nekazaritzako elikagaien katearen egiazkotasuna eta segurtasuna zaintzeko. Zentro horiek datu tekniko eta ikerketa-emaitza eguneratu eta fidagarriak emango dizkiete EBko herrialdeei, kontrol-zereginak modu eraginkorrean gauzatzen laguntzeko.

Bai. Araudi berriak EBko herrialdeen arteko lankidetzari eta administrazio-laguntzari buruzko arauak argitzen eta indartzen ditu, mugez haraindi ere arauak nekazaritzako elikagaien kate osoan ezartzen direla bermatzeko.

Estatu kideek bide eman behar dute gerta daitezkeen arau-hausteei buruzko informazioa trukatzeko agintaritza eskudunen eta botere betearazleko beste agintaritza batzuen artean.

Hala, mugaz haraindi eginiko arau-hausteak detektatu ahal izango dira. Horrez gain, araudiak Kontrol Ofizialak Kudeatzeko Sistema Integratua (IMSOC) ezartzen du.

Sistema horretan sartuta egongo dira gaur egun abian dauden eta etorkizunean sortuko diren informatika-sistema guztiak, hala nola TRACES, RASFF eta Europhyt. Horri esker, datuen erabilera ezin hobea izango da, enpresei eta agintaritza nazionalei ezarritako kargak murriztu egingo dira eta estatu kideen arteko informazio-trukea bizkortu egingo da.

Kontrol Ofizialei buruzko Araudi berria apirilean argitaratuko dela aurreikusten da, eta argitaratzen denetik 20 egunera sartuko da indarrean. Arauak pixkanaka ezarriko dira, EBko herrialdeei eta industriari araudi berrira egokitzeko denbora nahikoa emateko.

Hauek dira arauak ezartzeko zehaztu diren epeak:

  • Argitaratzen direnean: erreferentziazko laborategien finantzaketari eta landareen osasunerako erreferentziazko laborategi nazionalen akreditazioari buruzko arauak.
  • Indarrean sartu eta urtebetera: EBko erreferentziazko laborategiak (EURL) izendatzeari eta EBko erreferentziazko zentroak sortzeari buruzko arauak.
  • 2019ko abenduaren 14an: arau gehienak: irismena, definizioak, agintaritza eskudunentzako arauak, kontrol ofizialen finantzaketa, administrazio-laguntza, fitosanitarioen laginketa eta analisia eta agintaritza eskudunen betearazte-neurriak.
  • 2022ko abenduaren 14an: gai hauei buruzko beste zenbait arau: inportazioen kontrola, elikagai eta pentsuetan egon daitezkeen substantzien hondakinak eta animalien garraioa.

Horrez gain, aurrerago aldatu eta osatu egingo da Kontrol Ofizialei buruzko Araudi berria, beste 85 eskuordetze- eta betearazpen-egintza espezifikoagoren bidez; horiek guztiak datozen urteetan landuko dira. Horretarako, Batzordeak jarduera horien artean lehentasunak ezartzeko irizpide bat sortu du jada, eta lan horretarako osatu beharko diren adituen taldeak zehaztu ditu.

Funtsezkoa izango da egintza berri horiek koordinatuta gauzatzea eta alderdi interesdun guztiei dagozkien kontsultak egitea, etorkizunean lege-hutsunerik egon ez dadin.