FAOk elikadura-krisiak prebenitzeko metodo eta tresnen laburpen bat argitaratu du, FCC-EMPRESS ikuspegia oinarri hartuta (Food Chain Crisis – Emergency Prevention System). FCC-EMPRESS sistemaren helburua da animalien gaixotasunak eta landareen izurrien agerraldiak prebenitzea, baita elikadura-segurtasunaren arloko gorabeherak ere, horiek gertatu aurretik.

FCC-EMPRESS sistemak diziplina anitzeko ikuspegia sustatzen du, integratua eta lankidetzan oinarritua; horri esker bermatzen du gure elikagaiei loturiko mehatxuei buruzko informazioa elikakatean parte hartzen duten pertsona guztiengana helduko dela (hasi abeletxeetatik eta kontsumitzaileenganaino). Hala, gaixotasunak zabaltzea eta mugetatik zeharkatzea ekiditen da.

Argitalpen honek FCC-EMPRESSek hilero argitaratzen dituen 23 informazio-fitxa ditu oinarri, eta gaur egun erabiltzen diren jardunbide egokienetako batzuk jartzen ditu agerian. Fitxak lau bloke hauetan daude banatuta: Animalien Osasuna, Landareen Babesa, Elikadura Segurtasuna, eta Koordinazioa eta Inteligentzia.

Hauek nabarmendu behar dira jardunbide egoki gisa:

  • mundu- eta eskualde-mailako koordinazioa sendotzea
  • eskualde-mailako batzordeak ezartzea
  • mundu-mailako programak koordinatzea
  • prestakuntza eta gaikuntza ematea
  • tresna eta ikuspegi berritzaileak garatzea (teknologia berriak erabiliz)
  • sustapena eta komunikazioa bultzatzea

Adibide horiek agerian uzten dute beharrezkoa dela elikakatean parte hartzen duten eragile guztiek (elikagaien ekoizleak, prozesadoreak, merkaturatzaileak eta kontsumitzaileak) erantzun koordinatua ematea, eta elikakatean sortzen diren krisi gehienak prebeni daitezkeela, ekintza eta inbertsio egokiak egiten badira.

FAOren argitalpen honen helburua da elikakatean arriskuak sor daitezen saihesten laguntzea adituei, arduradun politikoei, erakunde nazionalei eta elikadurarekin zerikusia duten arloetan lan egiten duten pertsona guztiei.