Arriskuen ebaluazioa: Listeria galdarraztatutako barazkietan
EFSAk azterketa bat egin du izoztu aurretik galdarraztatutako barazkiek Listeriagatiko kontaminazioaren ondorioz izan dezaketen osasun-arriskua ebaluatzeko, eta ondorioztatu du halako produktuak kontsumitzeari lotutako arriskua txikiagoa dela kontsumitzeko prest dauden elikagaiek dakarten arriskua baino (arrain ketua, haragi egosia, saltxitxak, patea, gazta biguna, etab.); izan ere, azken horiek lotuta egoten dira Listeriagatiko kontaminazioarekin.
Aldi labur batez ur berotan edo lurrunetan galdarraztatzeko prozesu hori ohikoa da elikagaien industrian. Hala, entzimen ekintzak geldiarazten dira eta barazkien zaporeari, koloreari eta testurari bere horretan eustea lortzen da. Hori dela eta, EFSAk zenbait gomendio eman ditu, hala elikagaien industriarentzat nola elikagaiok etxean prestatzeko.
Elikagaien industriarentzako gomendioak
EFSAko taldeak elikagaien enpresetako operadoreek aplika ditzaketen zenbait kontrol-jarduera garrantzitsu identifikatu ditu. Horien xedea da izoztutako barazkiak kontaminatzeko arriskuak murriztea.
Jarduera horiek dira, besteak beste, elikagaiak ekoizteko erabiltzen den ingurunea garbitzea eta desinfektatzea, prozesatze-etapa guztietako ura, denbora eta tenperatura kontrolatzea eta etiketak behar bezala jartzea.
Bestetik, EFSAko adituek garrantzitsutzat jotzen dute giroko Listeria monocytogenes monitorizatzea; izan ere, bakterio horrek luze iraun dezake ingurunean eta, hortaz, elikagaien kontaminazio-iturri garrantzitsua izan daiteke.
Etxerako gomendioak
Amaitzeko, EFSAk etxean produktu horiek erabiltzearen arriskuak murrizteko gomendioak ere eman ditu, eta azpimarratu du garrantzitsuena higiene-jardunbide egokiak izatea dela. Besteak beste, adierazi du izozkailua garbitu egin behar dela, barazkiak tenperatura egokian biltegiratu behar direla eta etiketan agertzen diren fabrikatzailearen argibideei jarraitu behar zaiela, elikagaiak modu seguruan prestatzeko.
Adierazi du, halaber, arriskuak asko murrizten direla barazkiak, desizoztu ondoren, behar bezala prestatzen badira.