Erlezaintzako ekoizpenean antimikrobianoak arduraz erabiltzeko gida
FAOk erlezaintzako ekoizpenerako jardunbide egokiak garatzen dituen eskuliburua argitaratu berri du, antimikrobianoen erabilera murrizteko helburuarekin.
Kontuan hartuta ezti-erleek ingurumen-biodibertsitatean eta, beraz, nekazaritza‑ekoizpeneko sistemetan duten garrantzia, FAOk, gida honetan, erlezaintzako jardunbide egokiak eta biosegurtasun-neurriak zehazten ditu ezti-erleei eragiten dieten gaixotasun garrantzitsuenetako bakoitzerako, One-Health ikuspegiarekin. Helburua ez da soilik ezti-erleak babestea, baita gizakien eta ingurumenaren osasuna ere.
Dokumentuak erlezaintzako osasuna du ardatz, eta gaur egun gehien erabiltzen diren antimikrobianoen erabilera egokia eta zuhurra egin behar dela azpimarratzen du, erleen produktuetan hondakinak eta mikrobioen aurkako erresistentzia (RAM) bezalako efektu kaltegarriak saihesteko.
Erleen osasuna bermatzeko, albaitaritzako profesionalek lankidetza estuan lan egin behar dute abeltzaintzako ekoizpenean adituak direnekin, eta neurri espezifikoak hartu behar dira:
- Antimikrobianoak behar bezala erabiltzeari eta kontrolatzeari buruzko legeria aplikatzea (preskripzioa, banaketa, administrazioa, hondakinak erretiratzeko denbora, etab.) , eta dagozkion kontrolak egitea.
- Erle bizien mugaz gaindiko eta tokiko mugimenduari eta material genetikoari buruzko legeria indartzea.
- Albaitariei erle-osasunarekin lotutako prestakuntza ematea.
- Erlezainei prestakuntza ematea: erlezaintzako jardunbide egokiak eta biosegurtasun-neurri egokiak, erlauntzak hazteko eta kudeatzeko ziurtagiri teknikoak.
- Erlezain guztiak elkarren artean koordinatzea, esku hartzeko uneari, aplikatu beharreko tratamendu motari eta beste neurri egoki batzuei dagokienez.
- Erleen eta kontsumitzaileen osasuna nahiz ingurumena babesteko erlezaintza‑eredu jasangarriak aplikatzea.
- Nekazarien eta erlezainen arteko harremanak arautzea eta kontrolatzea, koloniak gal ez daitezen.
Gidalerroen helburua da sektorearen barruan gaur egun dauden erronkei buruzko informazioa ematea, eta, hala, ezti-erleen kolonien ekoizpen jasangarrira eta osasunera bideratutako ekintzak gauzatzea, erlauntzako produktuetako hondakinen arriskuak murriztea eta, horrela, mikrobioen aurkako erresistentziaren garapenari aurrea hartzea.