Elikadura Segurtasuneko Kataluniako Agentziak (ACSA) ardi- eta ahuntz-esne gordinarekin eginiko 70 gaztaren egoera mikrobiologikoari buruzko azterlan prospektibo bat argitaratu du, eta ondorioztatu du aztertutako lagin guztiek legez ezarrita dauden irizpide mikrobiologiko guztiak betetzen dituztela eta, ondorioz, ez direla kaltegarriak elikadura-segurtasunerako. Gainera, azterlanari esker, gazta mota horien etiketetan kontsumitzaileari ematen zaion informazioaren kalitatea ere ebaluatu da, eta hor zenbait bat ez etortze hauteman dira.

Laginketa

Azterlanean ontze-mota desberdineko 70 gaztaren laginak aztertu dira (ahuntzaren 38 eta ardiaren 32): gazta horien % 56k gutxienez 60 eguneko ontze-aldia dute, eta gainerakoek (% 44) ontze-aldi aldakorra, baina beti 60 egunetik beherakoa. Gazten % 83 Katalunian egindakoak dira.

Laginak merkaturatze-fasean jaso ziren, 2017ko apiriletik uztailera; gehienak gaztandegietan eta elikadura-establezimenduetan jaso ziren (% 79) eta gainerakoak (% 21), azoka eta merkatu ibiltarietan.

Mikrobiologia

Esne gordinarekin eginiko gaztaren lagin horietan, mikroorganismo hauen presentzia aztertu da: Salmonella, Listeria monocytogenes, Staphilococcus koagulasa positiboak, Escherichia coli eta Mycobacterium spp.

Hauek dira ateratako ondorio nagusiak:

  • Ez da Salmonellaren 25g-ko presentziarik hauteman aztertutako 70 laginetan; hortaz, gazta guztiek betetzen dituzte patogeno honentzat ezartzen diren eskakizun mikrobiologikoak.
  • Listeria monocytogenes-en presentzia hauteman da lagin batean (% 1,4), 10 UKE/g baino gutxiagoan. Lagin honek elikadura-segurtasuneko printzipioak betetzen ditu (< 100 UKE/g), nahiz eta adierazi den irizpide hori produktuaren bizitza erabilgarri osoan bete behar dela.
  • Aztertutako gazta bakar batean ikusi dira Elikagaien Segurtasunerako irizpideetan ezarritako gehieneko mugatik (105 UKE/g) goragoko Staphilococcus koagulasa positiboen zenbaketak.
  • 70 laginetatik hirutan (% 4) hauteman dira 1.000 UKE/g-tik gorako Escherichia coli glukuronidasa positiboak. Hori da, hain zuzen, tratamendu termikoaren bidez eginiko gaztentzat ezarritako gehieneko muga (ez dago gehieneko mugarik esne gordinarekin eginiko gaztentzat).
  • Ez da mikobakterioen presentzia adierazgarririk ikusi aztertutako lagin bakar batean ere.

Ontze-aldiari dagokionez, ez da ageriko loturarik ikusi mikroorganismoen presentziaren eta gazten ontze-denboraren artean. Alabaina, egiaztatu da karga mikrobianoak behera egin ohi duela ontze-prozesuan zehar.

Etiketak

Azterlan honen helburua ez zen etiketak aztertzea, baina bildutako informazioak aukera eman digu produktu hauen etiketan agertzen den informazioaren kalitatea ebaluatzeko.Ildo horretan, honako ondorio hauek dira aipagarrienak:

  • Etiketen % 14tan ez dago adierazita gazta esne gordinarekin egin dela.
  • Etiketen % 50etan ez da agertzen kontsumo lehenetsiaren datarik eta/edo kontserbatzeko moduari buruzko informaziorik.
  • Etiketen % 82tan osagaiei buruzko informazioa ageri da, baina % 76tan ez da esnea alergeno posible gisa identifikatzen.
  • Etiketen % 12tan bakarrik ikusi da informazio nutrizionala.