Esne gordina: propietateak eta kontsumo egokia Europan, honako sinesmen hau hedatzen ari da: merkaturatutako esneak galdu egiten ditu bere propietate eta nutriente gehienak; esne gordinak, berriz, mantendu egiten ditu.

Horren ondorioz, kontsumitzaileek interes handiagoa erakutsi dute esne gordinari eta osasunerako balizko onurei dagokienez.

Europako herrialde askotan baimentzen da esne gordina saltzea makinen bidez. Makina mota horiek erabiltzen dituztenek badakite nola egosi behar den esnea kontsumitu aurretik, eta ondorioz, osasun-berme guztiekin kontsumitzen dute esnea.

Baina jakin behar da esne gordinak gaixotasun larriak eragiten dituzten bakterioak izan ditzakeela.

Nola ekiditen du abeltzainak bakterio horien arriskua?

Gaur egungo abeletxeetan ezinbestekoak dira Higiene Jardunbide Egokiak esne gordinaren kutsadura murrizteko. Halaber, garrantzitsua da hotz-kateari eustea esnea garraiatu eta biltegiratzean, esne gordinean bakterioen hazkuntza prebenitu edo atzeratzeko.

Hala ere, jardunbide horiek ez dute arriskua erabat ezabatzen.

Esne gordina erosten badugu, kontsumitu aurretik egostea da bakterio kaltegarri asko ezabatzeko modurik egokiena.

Esne komertzialari aplikatutako prozesuek ere (besteak beste, pasteurizazio-prozesuek) bermatzen dute esnearen osasungarritasuna.

Elikagaien Segurtasunaren arloko Europako adituek baieztatu egiten dute aurretik tratatu ez den esne gordina bakterio kaltegarrien iturri izan daitekeela, besteak beste: Campylobacter, Salmonella eta E. coli STEC.

2007. eta 2013. urteen artean, esne gordinaren kontsumoarekin lotutako 27 agerraldi atzeman ziren Europan. 27 agerraldietatik 21 Campylobacterak eragin zituen, bat Salmonellak, bi STECek eta hiru akainek transmititutako entzefalitisaren birusak. Agerraldi gehienak behiaren esne gordinaren ondorio izan ziren, eta gutxi batzuk ahuntzaren esne gordinaren ondorio.

Haurtxoek, umeek, haurdunek, adinekoek eta immunitate-sistema ahula dutenek (ebakuntza egin berriek, gaixo kronikoek…) gaixotzeko arrisku handiagoa dute aurretik tratatu gabeko esne gordina edateagatik.

Raw drinking milk: what are the risks? EFSA 2015