Espainiako dieta-ingestari buruzko lehenengo inkestaren emaitzak argitaratu ditu AESANek. Inkesta hori 18 eta 64 urte arteko 3.000 herritarren artean egin da, eta helburua izan da herritarren elikadura ohiturak eta egoera nutrizionala aztertzea.

Inkestaren datuak elikagai-talde ezberdinen kontsumoari buruzkoak dira, eta adin-taldeka xehatuta daude. Datu horiek guztiak oso baliagarriak dira elikagaien kontsumoaren arriskuekiko esposizioa balioesteko.

Emaitzen ondorioz, AESANek gomendio batzuk eman ditu herritarren elikadura ohiturak hobetzearren:

  • Zereal, fruitu, barazki, lekale eta fruitu lehor gehiago kontsumitu behar dira.
  • Azukreak, berriz, gutxiago kontsumitu behar dira; izan ere, gehiegi kontsumituz gero, gehiegizko pisua, loditasuna eta hortzeko txantxarrak izan ditzakegu.
  • Murriztu egin behar da haragi koipetsuen, hestebeteen eta opilgintzako produktuen kontsumoa. Horrela, murriztu egingo dira gantz saturatuaren ingesta eta kolesterol maila, bai eta bihotzeko gaixotasunak izateko arriskua ere.
  • Hidratazio maila egokia izan behar da. Horretarako ezinbestekoa da ura, infusioak, fruta-zukuak, saldak, eta abar kontsumitzea.

Horrez gain, dietak mediterraneoa izan behar du; eredu aberatsa, askotarikoa eta osasungarria baita, bai eta Espainiako herrialde guztien kultura-ondarea ere.

Artikulu osoa