Europako Batzordeak hala eskatuta, animalientzako elikagaietan erabiltzen diren substantzien eta gehigarrien adituen panelak (FEEDAP) animalia espezie guztientzat diren elikagaietan etoxikina erabiltzeak dituen arriskuak ikertu zituen.

Etoxikina gaitasun antioxidatzaileak dituen gehigarri bat da, eta animalia espezie guztientzako elikagaietan erabiltzen da, gehienez ere 50 mg/pentsu kilogramoko balioetan. Etoxikina gehigarriaren osaera honakoa da: gutxienez % 91 etoxikina, ≤ % 8 etoxikina polimero, ≤ % 3 p-fenetidina eta ≤ % 0,02 azetona.

Hona hemen FEEDAPek ateratako ondorioak:

  • Etoxikina, bere horretan, ez da genotoxikoa, ez du minbizirik eragiten eta ez du toxikotasunik eragiten ondorengoen garapenean. P-fenetidina substantzia mutagenikoa izan liteke.
  • Pentsu kiloko 50 mg etoxikina gehienezko kontzentrazioa potentzialki segurutzat jo liteke oilasko eta oilo ugaltzaileentzat; hala ere, hori ezin da beste oilategi-hegazti batzuetara (oilo erruleak barne) estrapolatu.
  • Ezin daiteke ziur esan etoxikina segurua denik txerrientzat, hausnarkarientzat eta arrainentzat.
  • Txakurrentzako elikagaietan, gehienezko etoxikina kontzentrazio potentzialki segurua 11 mg da elikagai oso bakoitzeko. Adituen panelak ezin izan du ondorioztatu zer kontzentrazio diren seguruak katuentzat eta etxeko beste animalia batzuentzat.
  • Halaber, kontuan izanik etoxikina gehigarriak p-fenetidina ere baduela, FEEDAP erakundeak ezin du baieztatu pentsuetan etoxikina maila segururik dagoenik.
  • Ezin da kalkulatu kontsumitzaileek zenbateko kontaktua duten etoxikinari loturiko hondakinekin etoxikinarekin tratatutako animalia-produktuak eta haragia jaten dituztenean, ez baitago horren inguruko daturik.
  • Era berean, ezin izan da kontsumitzaileentzako segurtasun-ebaluaziorik egin, ez dagoelako kontaktu maila segururik eta p-fenetidinaren presentzia dagoelako gaur egun gehigarrian neurtutako kopuruetan.
  • Etoxikinak arnasaren bitartezko toxikotasun maila baxua du, eta ez du azala narritatzen; dena den, begiak eta beste muki-mintz batzuk narritatu ditzake.
  • Une honetan, ezin dugu ondoriorik atera etoxikina animalia guztientzako pentsuetan gehigarri gisa erabiltzeak ingurumenean eragin dezakeen arriskuari buruz.
  • Etoxikina antioxidatzaile eraginkorra da elikagaietan; alabaina, aurkeztutako ikerketek ez dute substantzia horren eraginkortasuna ziurtatzen proposatutako erabilera mailetan (50 mg/elikagai oso bakoitzeko).

Etoxikinari buruzko EFSAren txostena