EFSAk elikagaien segurtasunari buruzko Eurobarometro berriaren emaitzak argitaratu ditu. Europar Batasuneko 28 estatuetan egindako 27.655 elkarrizketatan dago oinarrituta.

GURE KEZKAK DIRA…

Oro har, honako hauek dira Europako biztanleen kezka nagusiak: antibiotikoen hondakinak, haragiaren hormonak edo esteroideak (% 44), elikagaietan dauden pestizida-hondakinak (% 39), arrainean, haragian edo esnekietan dauden ingurumen-kutsatzaileak (% 37) eta gehigarriak, besteak beste, koloragarriak, kontserbagarriak edo elikagai edo edarietan dauden zapore-emaileak (% 36).

Estatuan kezka-iturri nagusia pestizida-hondakinak dira (% 45) eta ondoren ingurumen-kutsatzaileak (% 42).

Bestalde, agerikoa da irizpide ezberdinak dituztela Estatu kideek elikagaien segurtasunaren arloko kezkak zerrendatzeko orduan. Hori horrela izanik, EFSAk herrialdekako itemak erakusten dituen mapa interaktibo bat sortu du.

EROSKETAK EGITERAKO ORDUAN

Honako hauek izan dira, europarren aburuz, erosketa gehien baldintzatzen duten faktoreak: Jatorria (% 53), kostua (% 51), elikagaien segurtasuna (% 50), zaporea (% 49) eta nutrizio‑edukia (% 44). Ostera, etikak edo sinesmen erlijiosoek garrantzi txikiagoa dute erosketak egitean (% 19).

  • Jatorria (% 53)
  • Kostua (% 51)
  • Elikagaien segurtasuna (% 50)
  • Zaporea (% 49)
  • Nutrizio‑edukia (% 44)
  • Etika edo sinesmenak (% 19).

INFORMATZERAKO ORDUAN

Herritarrek elikagaien arriskuei buruzko informazioaren jatorriarekiko duten konfiantza-maila handiagoa da zientzialariengandik (% 82) eta kontsumitzaileen erakundeetatik (% 79) datorrenean, baita nekazariengandik (% 69), nazioko agintaritzetatik (% 60), EBko erakundeetatik (% 58), GKEetatik (% 56), eta, azkenik, kazetariengandik (% 50) datorrenean ere.

Konfiantza hori murriztu egiten da informazioa supermerkatuek eta jatetxeek (% 43), elikagaien industriak (% 36) eta famatuek, bloggerrek eta “influencer”ek (% 19) ematen dutenean.

Oraindik ere telebista da elikagaien arriskuei buruzko informazioa jasotzeko iturri nagusia hamar europarretatik zazpirentzat. Gazteek telebistaren ondoren sare sozialetara jotzen badute ere (15 eta 24 urte bitarteko gazteen % 45), nagusiek, aldiz, informazio-iturri tradizionaletara jotzen dute, besteak beste, egunkarietara (% 46) eta irratira (% 30).

Hori guztia aintzat hartuta, Europako herritarren bi herenek (% 66) beren kontsumo-patroia aldatu dute elikagai zehatz batean arriskuren bat dagoela jakin dutenean (horietatik % 33k aldaketa egonkorra egin zuten eta beste % 33ak behin-behinekoa).

2010eko aurreko Eurobarometroaren aldean, badirudi murriztu egin dela GEOekiko kezka, eta lehen aldiz agertu dira beste gai batzuk, esaterako, mikroplastikoak.