MAPAk duela gutxi argitaratu duen txostenak laburbildu egiten du estatu- eta Europa mailako zoonosi-jatorriko gaixotasunen egoera epidemiologikoari buruzko informazio nabarmenena.


 “One Health” edo “osasun bakarra” ikuspegiak diziplinarteko lankidetza sustatzen du, aitortzen baitu harreman estua dagoela giza osasunaren, animalien osasunaren eta ingurumenaren artean. Hala, gaixotasun horiei erantzun koordinatua ematen zaie.

Ondorio nagusiak, agente patogenoen arabera:

  1. Campylobakteriosia
    Campylobakteriosia da, oraindik ere, EBn, gizakien artean, gehien jakinarazten den zoonosietako bat; hala ere, 2017az geroztik, beherakada txiki bat izan du bere joeran. Hegazti-haragiak izaten jarraitzen du identifikatutako iturri nagusia, bereziki oilasko-haragiak.
  2. Salmonellosia
    Nahiz eta azken urteotan kasuen kopuruak zertxobait behera egin duen gizakietan, zoonosi garrantzitsua izaten jarraitzen du, batik bat, elikakatean oso iraunkorra delako eta osasun publikoan eragin handia duelako.
  3. Listeriosia
    Beste zoonosi batzuekin alderatuz gero, nahiz eta kasuen kopurua oso txikia den, listeriosia nabarmendu egiten da larritasun kliniko handia duelako, bai eta hilgarritasun-tasa handia ere. Hortaz, beharrezkoa da zaintza areagotzea kontsumitzeko prest dauden elikagaietan.
  4. Shiga toxinak sortzen dituen Escherichia coli -a (STEC)
    Gora egiten jarraitzen du STECarekin lotutako agerraldien eta giza kasuen kopuruak, eta nabarmena da neurri eraginkorragoak behar direla haragi-produktuen eta landare gordinen kutsadura kontrolatzeko.
  5. Tuberkulosia (M. bovis eta M. caprae)
    EBn, tuberkulosi zoonotikoa ez da ohikoa gizakietan, baina arazoa izaten jarraitzen du elikagaietarako animalietan, zenbait herrialdetan; hortaz, eutsi egin behar zaie aktibo dauden desagerrarazteko eta zaintzeko programei.


Elikagaien eragindako agerraldiak estatuan

  • Estatu Espainolean 818 agerraldi jakinarazi ziren 2023an (aurreko urteetan baino gehiago): 10.125 kasu, 414 ospitaleratze eta 13 hildako. EBn 5.691 agerraldi jakinarazi ziren (-% 1,21 2022arekin alderatuta), baina gora egin zuten kasuek (+% 7,2), ospitaleratzeek (+% 4,0) eta heriotzek (+% 1,6).
  • Agente etiologikoei dagokienez, Salmonellak, Campylobakterioak eta norobirusek eragin zituzten agerraldi guztien % 74,1.
  • Patogenoa identifikatu ahal izan zen kasuei dagokienez, Salmonella spp.-k, Norobirusak eta Campylobacter spp.-k eragin zituzten jakinarazpen gehien. Salmonella izan zen EBn identifikatutako agente nagusia; izan ere, Salmonellak eragin zituen agerraldi, kasu, ospitaleratze eta heriotza gehien.
  • Listeria monocytogenesek eta Clostridium botulinum toxinek eragin zituzten ondorio larrienak. EBko agerraldien % 48,4tan ez zen agentea identifikatu (kopuru handiena 2014az geroztik).
  • Honako hauek izan ziren agerraldietan tartean egon ziren elikagaiak: arrautzak eta oboproduktuak (% 30,3), haragia eta haragi-produktuak (% 19,5); EBn, berriz, honako hauek: elikagaiak konposatuak, arrautzak eta oboproduktuak, oilasko-haragia eta horren produktuak, eta arrainak eta arrantzatik eratorritako produktuak.
  • Espainian, jatetxeak izan ziren agerraldiekiko esposizioko leku nagusiak (% 52,3), eta, jarraian, etxeak (% 26,1). EBn, ebidentzia handiko agerraldi gehienak etxeetan gertatu ziren (% 33,9).
  • EBn, jatetxeetan, elikagaiek eragindako agerraldiak sortzen lagundu zuen faktore nagusia izan zen kutsatutako manipulatzaileak egon zirela tartean (% 28,6); etxeetan, berriz, elikagaiak nahikoa ez egostea (% 61,5). Honako hauek dira ohiko beste faktoreko batzuk: elikagaiak behar bezala ez hoztea, kutsadura gurutzatua eta prozesatu gabeko osagai kutsatuak.

Egoera horrek adierazten du beharrezkoa dela kontrol-neurriak indartzen jarraitzea elikagaiak manipulatzean eta prestatzean, eremu profesionalean zein etxeetan. Horrez gain, hobetu egin behar dira kutsatutako elikagaien trazabilitate eta identifikazio azkarreko sistemak.