Europako gazteriaren elikadura-segurtasunari buruzko azterlana
Duela gutxi argitaratutako azterlan batek ondorioztatu du gazteriak elikagaien bidez transmititutako gaixotasunak gutxiesten dituela, eta agerian utzi du hezkuntza-baliabideak eta ikasketa-planak hobetzeko beharra, elikagaien higienea txertatuta.
Ikerketa
Azterlana Horizon 2020k finantzatutako SafeConsume Europako proiektuaren esparruan egin zen. Proiektu horren xedea da kontsumitzaileen portaera aldatzea, elikadura-arriskuekiko esposizioa murrizteko, eta, horrela, elikagaien bidez transmititutako gaixotasunen osasun‑karga txikitzeko.
Duela gutxi amaitutako ikerketa Europako 4 herrialdetan (Portugal, Frantzia, Ingalaterra eta Hungaria) egin zen, eta, horretarako, 11 eta 18 urte arteko 156 gazte elkarrizketatu ziren. Elikadura-higienean zuten heziketa ikertzeaz gain, elikagaien bidez transmititutako gaixotasunei eta elikadura-segurtasunarekiko zuten jarrerari buruz galdetu zitzaien.
Ondorio nagusiak
Lortutako ondorio nagusia honako hau izan zen: Europako gazteek ez dituzte elikagaiek transmititutako gaixotasunen arriskuak, kausak edo ondorioak argi.
Elkarrizketatutako pertsonek, oro har, higiene pertsonaleko arauei buruzko ezagutza onak erakutsi zituzten eta higiene-ohitura onak zituzten, hala nola elikagaiak manipulatu aurretik eskuak garbitzea. Dena den, elikadura-gaixotasunak pairatu zituzten gazte gehienek etxetik kanpoko janariaren kontsumoarekin lotzen zuten; hala, agerian utzi zuten etxean prestatutako elikagaiak seguruagoak direlako pertzepzioa zutela, hori gezurra den arren.
Herrialde guztietan, familia-inguruneak eragin handiagoa izan zuen gazteen gaitasunetan, ezagutzan eta jarreran, eta faktore garrantzitsua izan zen higiene-praktikak betetzean. Horrek iradokitzen du higieneari lotutako jarrera txarrak gaitasunen belaunaldiz belaunaldiko transferentziagatik betikotu ahal direla.
Gomendioak
Ikerketaren xedea izan zen hezkuntza-baliabideen garapenean laguntzeko gomendioak egitea, eta, horrela, elikadura-higienearekin zerikusia duten arazoei heltzea.
Emaitzek agerian uzten dute hezkuntzaren eta etxeko eta gizarteko egoeren arteko aldea. Halaber, hori hobetu beharko litzateke, elikadura-segurtasuneko jokabide hobeen garapen praktikoa sustatzeko. Testuinguru horretan, ikertzaileek honako hau proposatzen dute: elikadura-higienea txertatzea herrialdeetako ikasketa-planetan.
Bestalde, azterlanak egiaztatu du gazteek, batik bat, online baliabideen bidez lortzen dutela elikadurari eta gastronomiari buruzko informazioa, eta beharrezkoa izan beharko litzatekeela kolektibo horrentzako hezkuntza-baliabide erakargarriak garatzea.