Etxeetan Elikagaien Segurtasuna hobetzeko helburu nagusiarekin, SafeConsumE “Elikagai seguruagoak kontsumitzaileen jarrera aldatuta” Europako proiektuak hiru azterlan egin ditu duela gutxi honako hauei buruz: Elikagaien Segurtasunaren arloko ezagutzak, konfiantzazko informazio-iturriak, higienea sukaldean eta herritarrek elikagaiak erostean duten jarrera.

Azterlanaren ondorio nagusia izan da kontsumitzaileek euren ohiturak aldatu beharko lituzketela elikagaien bidez transmititzen diren gaixotasunak eragiten dituzten patogenoekiko esposizioa murrizteko. Hortaz, gomendatzen da sentsibilizazio-kanpainak egitea.

Lehenengo azterlana

Lehenengo azterlanak Europako hamar herrialdetako etxeetan Elikagaien Segurtasunari buruz egindako inkesten emaitzak aztertzen ditu, herritar europarren motibazioa zehazteko, sukaldeko higieneari dagokionez. Inkestaren arabera, % 73k sukalde-gainekoak eta ebakitzeko oholak erabili ondoren garbitzen dituzte, % 53k elikagaiak prestatu aurretik eta % 43k zikin daudenean. Garbitzeko motibazioari dagokionez, errutina oso garrantzitsua da, batik bat, 65 urtetik gorako pertsonentzat.

Sukalde-gainekoetan bakterio kaltegarriak dituzten elikagaien hondakinak ikusten direla egiaztatzeko, ikertzaileek oilasko-, arrautza- eta letxuga-hondarrak bota zituzten sukalde‑gainekoetan eta ebakitzeko oholetan. Hondarrak hobeto hauteman ahal izan ziren gainazal laminatu edo harrizkoetan egur edo plastikozkoetan baino. Horrez gain, «Campylobacter» bakterioak lehenago hil ziren «Salmonella» bakterioak baino. Azken horiek gutxienez astebete iraun zuten sukalde-gaineko laminatuetan.

Ikertzaileek honako ondorio hau atera zuten: sukaldeko gainazaletan hondarrak ikustea ahalbidetzen duten materialak erabiltzea kontsumitzaileak bultza ditzake horiek maizago garbitzera eta, horrela, elikagaien bidez transmititzen diren gaixotasunen arriskua murriztera.

Bigarren azterlana

Bigarren azterlanak honako hauei buruzko ezagutza aztertu zuen: elikagaien arriskuak, ziurtapen-etiketa duten elikagaiei buruzko kontzientziazioa eta informazio-iturri fidagarriak.

Aurkikuntza horiek ezagutzera eman zuten kontsumitzaileen erdiak ez dituela ezagutzen arrisku kimikoak (mikotoxinak esaterako) eta patogenoen arriskuak (besteak beste, «Campylobacter» eta «Listeria»), baina arriskutsutzat jotzen dituztela elikagai-gehigarriak eta genetikoki eraldatutako organismoak.

Informazio-iturriei dagokienez, nahiz eta zientzia-liburuak fidagarriak direla uste duten, nagusiki senitartekoetatik eta komunikabideetatik jasotzen dute informazioa.

Hirugarren azterlana

Hirugarren azterlanaren helburua izan zen, batetik, Errumaniako herritarrek Elikagaien Segurtasunaren arloan duten ezagutzaren eta, bestetik, elikagaiak erostean duten jarrera eta sukaldean Elikagaien Segurtasunaren arloan dituzten ohituren arteko lotura aztertzea.

Inkestak erakutsi zuen Elikagaien Segurtasunaren arloan ezagutza-maila handiena duten kontsumitzaileek jarrera hobea dutela elikagaiak lehentasunez erostean eta Elikagaien Segurtasunaren arloan jardunbide egokiagoak izaten dituztela euren sukaldeetan elikagaiak manipulatzen dituztenean.

Gomendio orokorrak

Aintzat hartuta hiru azterlanen emaitzak, SafeConsumE proiektuak gomendatzen du sentsibilizazio-kanpainak egitea, kutsadura-iturriak eta kutsadura gurutzatua ekidin dezaketen jardunbideak azpimarratzeko, eta, halatan, etxeetan elikagaien segurtasuna hobetzeko.