Europako Herritarrentzat Birus enterikoen arriskuaren ebaluazioa elikakatean
EFSAk (EU-FORA programa) ebaluazio bat argitaratu du elikagaien bidez transmititzen diren birusen arriskuaren ebaluazioaren ebidentzia zientifikoaren egungo egoerari buruz, eskuragarri dauden datuak erabilita eremu horretan aurrera egiteko. Bibliografia berrikusi eta arriskua ebaluatzeko hainbat tresna erabili ondoren, arriskuen sailkapenak eta ebaluazioak egin ahal izan dira, baita gomendioak eman ere arriskuaren etorkizuneko ebaluazioei begira.
Elikagaien bidez transmititzen diren gaixotasun gehienek gastroenteritisa eragiten dute, batez ere birus bidez. Birus enteriko horiek elikagaietara transmititzen dira ur kutsatuen bidez edo prozesatzean behar bezala manipulatu ez direlako.
Gaur arte, birusei lotutako arriskuak kontrolatu eta ulertzeko eginiko arrisku mikrobiologikoen ebaluazioak (MRAk) mugatuak izan dira. Izan ere, zaila da birusak detektatu eta behatzea bakterioekin alderatuta. Horrek esan nahi du datu gutxiago daudela prebalentziari, kontzentrazioari eta inaktibazioari buruz; eta, beraz, birusek, pixkanaka, elikagaien bidezko gaixotasunen munduko karga handitzen jarraitzen dute.
Emaitza
Emaitzekin honako hauek egin dira:
- Bibliografian oinarritutako ebidentzia zientifikoaren ebaluazioa
- Birusen eta birusen bidez gehien kutsatutako elikagaien arteko sailkapen semikuantitatibo baten alderaketa
- Inaktibazio-metodoen azterketa. Kuantitatiboki sailkatu da metodo bakoitzaren eraginkortasuna elikagaien bidez transmititutako birusen arriskua murriztu eta kudeatzeari dagokionez.
Gomendioak
Proiektuak honako gomendio hauek eman ditu arriskuaren etorkizuneko ebaluazioei begira:
- Produkzioan zehar birusen prebentzioa eta kontrola arretaz aztertzea, eta teknologia berrien edo emergenteen inaktibazio-potentziala ebaluatzea.
- Proiektu honen ondorioak oinarri gisa hartzea EBn elikagaien bidez transmititzen diren birusen arriskuaren sailkapen berri eta xehatua egiteko, eta, horretarako, bibliografiako datuak erabiltzea eta adituen iritziak aintzat hartzea.
- Birusen inaktibazioari buruzko datu gehiago gehitzea programa informatikoetan eta mikrobiologia prediktiborako diseinatutako datu-baseetan, eta inaktibazio horretan elikagaien matrizearen eragina aintzat hartzea.
- Birusaren inaktibazioa modelizatzea kozinatu gabeko elikagaien ekoizpen-prozesuan zehar, laborategietan esperimentatzearen bidez.