JCRk (Ikerketarako Zentro Erkidea), DG SANCOrekin eta estatu kideekin elkarlanean, lehengo aldiz egin du Europako ikastetxeetako elikadura-politiken deskripzio-ebaluazioa, arduradun politikoei, hezitzaileei eta ikertzaileei zuzenduta, politika horiek osasun publikoan duten eragina ebaluatzeko lagungarri izan dezaten.

Horretarako, berrikusi egin dira datu-base publikoak, Europako txostenak, ministerioen webguneak eta zientzia-literatura, Europako herrialdeetako ikastetxeetako elikadura-politika ofizialak biltze aldera. Halaber, estatu kideetako ordezkariek gainbegiratu eta berretsi egin dituzte lortutako datuak.

Emaitza orokorren artetik azpimarragarria da aztertutako herrialde guztiek (EBko 28 estatu kide, Norvegia eta Suitza) ikastetxeetako elikadura-gidak zituztela, nahiz eta alde handia dagoen horien artean. Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan elikadura osasungarria sustatzeko neurri nazional horiek oso zabalak dira: borondatezko gidalerroetatik hasi (menuei eta anoen tamainari dagokienez) saltzeko makinen merkaturatzea eta edari azukredunen salmenta debekatzeraino. Derrigorrezko arauak 18 politiketan (% 53) baino ez dira zehazten. Gainerakoek borondatezko gidalerroak eskaintzen dituzte.

Honako hauek dira elikadura-politiken 3 xede nagusiak: umeen nutrizioa hobetzea (% 97), dieta eta bizimodu osasungarria sustatzea (% 94) eta obesitatea murriztea/prebenitzea (% 88). Politika gehienak (% 90) menu orekatuak bermatzeko elikadura-arauetan oinarritzen dira, % 76k anoaren tamainaren inguruko orientabideak ematen ditu, eta % 68k elikagaietarako nutrienteetan oinarritutako jarraibideak gomendatzen ditu.

Txostena egin ostean, JCRk ezarri du hurrengo urratsa izango dela Europako ikastetxeetako elikadura-politiketarako jardunbide egokien giden beharra eta bideragarritasuna aztertzea, aintzat hartuta herrialdeen arteko kultura- eta egitura-desberdintasuna.

EBko ikastetxeetako elikadura-politiken ebaluazioa