Europako zoonosiari buruzko 2023ko «One Health» txostenaren analisia
Txostenaren arabera, 2023an, Listeriosi kasuak maila altuenera heldu dira 2007tik. Kasu-kopuruak gorako joera izan du 2019 eta 2023 urteen artean, eta azken urte honetan gizakietan 2.952 listeriosia kasu jakinarazi dira.
EFSA eta ECDCren EBko zoonosiari buruzko urteko «One Health» txostenak, gainera, ondorioztatu du orokorrean gizakietan gaixotasun zoonotikoen jakinarazitako kasuek gora egin zutela, nahiz eta elikagaiek transmititutako agerraldi-kopuruak zertxobait behera egin zuela.
Listeriosia ⇑⇑
Igoera horrek lotura izan dezake Europako biztanleriaren zahartzearekin (gaur egun, europarren % 21,3k baino gehiagok 65 urte baino gehiago dituzte).
Kontsumitzeko prest dauden elikagai (RTE) kutsatuak (hala nola hotzean ketutako izokina, haragi-produktuak eta esnekiak) infekzioen iturri ohikoenak dira.
Campylobacter ⇑
Campylobakteriosia (Salmonellosiarekin batera) EBn gehien jakinarazi zen gaixotasun zoonotikoa izan zen. 2023an 148.181 campylobakteriosi kasu jakinarazi ziren; hortaz, igoera egon da, 2022an izandako 139.225 jakinarazpenekin alderatuta.
Salmonella ⇑
Campylobakteriosiaren ondoren, salmonellosia izan zen gizakietan gehien jakinarazi zen urdail-hesteetako bigarren infekzioa, 77.486 kasurekin (65.478 kasu 2022an).
Elikadura-agerraldiak ↓
2023an elikagaiek transmititutako gaixotasunen 5.691 agerraldi jakinarazi ziren guztira; hortaz, jaitsiera txikia egon da aurreko urtearekin alderatuta. Hala ere, kasuen, ospitaleratzeen eta heriotzen kopuruek gora egin zuten, eta azken horrek azken hamarkadako puntu gorena lortu zuen.
Salmonellak agerraldi, kasu, ospitaleratze eta heriotzen kausa nagusia izaten jarraitu du elikagaiek transmititutako gaixotasunen artean. Honako hauek izan ziren salmonellosiko agerraldiekin zerikusia izan duten elikagai ohikoenak: arrautzak/oboproduktuak, elikagai nahastuak eta oilo-haragia.
EFSAk elikadura-agerraldiei eta 14 patogeno zoonotikori buruzko mapa interaktiboak eta bistaratze-panelak ere argitaratu ditu.