EFSAk eredu bat sortu du, Europan kontsumitzen diren elikagaiei buruzko datu-basea sortzeko. Datu-base hori oso lanabes egokia izango da arrisku-ebaluazioak egiteko. Lan hori egin aurretik kontsumoari buruzko datuen bateragarritasuna ebaluatu da, eta aintzat hartu dira esposizioaren zenbatespenen ordezkagarritasuna eta gaur egun arte Europan egin diren arrisku-ebaluazioen ordezkagarritasuna.

Eredu horretara iristeko, EFSAk 589 elikagairen ohiko ingestaren banaketa zenbatetsi du 36 herritar-taldetan (adinaren eta sexuaren arabera banatuta). Hain zuzen ere, horiek dieta osoa ordezkatzen dute. EFSAk 40.000 norbanakoren 28 eguneko dieta simulatu du gamma banaketa erabilita; izan ere, egiaztatu egin da banaketa arrunta baino egokiagoa dela elikagai-taldeetako elikagai-kopuruen eredua emateko.

Eredu berri horrek zenbait baldintzatzaile jasotzen ditu, ahalbidetu egiten dutenak atzemandako gabeziei (esate baterako, zenbait azterlanen arteko harmonizazio falta edo elikagai jakin batzuei buruz dauden datu eskasak) aurre egitea. Bestalde, eredu berriak bestelako datuak jasotzen ditu: gorputzaren pisua, garaia, kontsumoa asteburuan egiten ote den eta elikagaien arteko korrelazioak.

Lan honetan lortutako emaitzak elementu gakoa dira Europan elikagaiekiko esposizioa ebaluatzeko, bai eta arrisku larriak zein kronikoak ebaluatzeko jardueretarako ere.

Txosten osoa