Euskadik 2026-2030 aldirako Nekazaritza Elikagaien Katearen Kontrol Ofizialerako Plana eguneratu du
Eusko Jaurlaritzak Nekazaritza eta Abeltzaintza zuzendariaren ebazpena argitaratu du, zeinaren bidez Euskadiko Nekazaritza Elikagaien Katearen Kontrol Ofizialerako Plana (EKOP) argitaratu den 2026-2030 aldirako. Autonomiako Kontrol Ofizialerako Plan hori funtsezko tresna da euskal ekoizpen-sektorean elikagaien segurtasuna bermatzeko, eta, ondorioz, ziurtatzeko ekoizten ditugun elikagaiak kontsumitzen dituzten pertsonen osasunak babes-maila altua duela.



Plana estrategia global gisa garatu da, Europar Batasunak elikagai eta pentsuen inguruan kalitaterako exijitutako arau-eskakizunak betetzeko eta Euskadin elikagai eta pentsuen kontrol ofizialean inplikatuta dauden agintaritza guztiak integratu eta koordinatzeko premiak asetzeko. Euskal ekoizpen-sistemen eta euskal administrazioaren eskumen-egituraren errealitatera egokitu da.
2026-2030 aldirako azken eguneratze honen berritasun nagusia da kontrol ofizialeko programen kopurua handitu dela, 19ra arte, eta orain honako kontrol-esparru hauek barne hartzen dituzte:
- Arrantza: higienea erauzketa-arrantzako eta akuikulturako ekoizpen primarioan.
- Nekazaritza: higienea nekazaritzako ekoizpen primarioan eta fitosanitarioen erabileran, landare-osasuna, produktu fitosanitarioak merkaturatzea, OMGak borondatez askatzea eta ongarrietan gizakiek jaten ez dituzten animalien azpiproduktuak erabiltzea.
- Abeltzaintza: higienea abeltzaintzako ekoizpen primarioan eta esne gordinean; animalien ongizatea; animalien elikadura; animaliak identifikatu eta erregistratzea; albaitaritzako botiken hondakinak ikertzea; ugalketa-produktuen eta komunitate barneko mugimenduak egiten dituzten establezimenduen kontrola; eta establezimenduetan eta garraioan gizakiek jaten ez dituzten animalien azpiproduktuak kontrolatzea.
- Kalitatea: elikagaien kalitatea, kalitate bereiztua eta ekoizpen ekologikoa.
Autonomia-mailako plan hori abiaraztearen beste lorpen handietako bat da euskal lurralde osoan kontrolen homogeneotasuna mantentzea, baita bertan dauden sektore guztietan ere, eta herritarrei dagokienez gardentasuna areagotzea, kontrol ofizialerako jardueraren kontu ematen baita, programak eta lan-programak argitaratuz eta planaren urteko egikaritze-txostenak eginez.
