Euskadiko Elikagaien Segurtasunerako Batzorde Zientifikoa berritzea
Euskadiko Elikagaien Segurtasunerako Batzorde Zientifikoa duela gutxi berritu da. Batzorde zientifiko hori organo independentea da, eta aholkularitza zientifikoa ematen dio Euskadiko
administrazioari, elikagaien arriskuen kudeaketa ebidentzia zientifikorik onenetan oinarritu ahal izan dezan. Batzordea funtsezko elementua da arriskuen analisian. Hark gauzatzen du lehenengo etapa: zientzian oinarritutako arriskuaren ebaluazioa, modu garden eta objektiboan; horri esker, elikagaien arriskuen kudeaketa eta komunikazio hobea egin daiteke, eta horrek EAEko elikadura sistemarenganako konfiantza handiagoa eragiten du.
63/2009 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko elikadura arriskuak ebaluatzeko, aztertzeko eta horien gaineko aholkuak emateko organoak sortzen dituenak, Batzorde Zientifikoaren osaera eta eginkizunak arautzen ditu. Dekretu horren arabera, diziplina anitzeko kideek osatuko dute Batzorde Zientifikoa eta elikadura arriskuei eta horrek dakartzan ondorioei lotutako ezagutza guztiak jasoko ditu. Egun, hauek dira ekipo horrek estalita dauzkan ezagutza-eremuak: abereen ekoizpena eta osasuna, landareen ekoizpena eta osasuna, toxikologia (arrisku kimikoak), mikrobiologia (arrisku mikrobiologikoak) eta giza epidemiologia eta osasun publikoa.
Batzorde Zientifikoaren osaera 5 urtean behin berrikusten da, eta kideak beren curriculum vitaean jasotako esperientziaren eta ezagutzen arabera hautatzen dira. Aditu horiek Panelaren kide dira modu indibidualean; hau da, ez dituzte beren lan-jarduna gauzatzen duten erakundeak ordezkatzen.
2025-2030 hurrengo aldirako, honako hauek izango dira Euskadiko Elikagaien Segurtasunerako Batzorde Zientifikoko kideak:
- Javier Guitián Martínez, Albaitaritzako Osasun Publikoko katedraduna.
- Amaia Ortiz Barredo, Landareen Ekoizpen eta Osasuneko aditua.
- Antonio Martínez López, elikagaien teknologiaren arloko ikerketako irakaslea.
- Miguel Motas Guzmán, elikagaien toxikologiako irakasle titularra.
- Santiago Valcarcel Alonso, Osasun Publikoko programen arloko aditua.



EAEko administrazioak ELIKA izendatu zuen Batzorde Zientifikoko idazkari teknikoaren lanak egiteko. Horiek horrela, ELIKAren eginkizunak dira bileretarako deialdiak egitea eta eguneko aztergaien zerrenda proposatzea, bilerak dinamizatzea, aktak egitea, lanerako informazioa eta dokumentazioa bildu eta banatzea, eta Batzorde Zientifikoa berritzeko beharrezkoak diren administrazio-kudeaketa guztiak egitea.