Euskadiko Ekoizpen Primarioaren eta Elikagaien Kalitatearen arloko Nekazaritza Elikakatearen Kontrol Ofizialerako 2016-2020ko Plana argitaratu da. Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak egin du, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundietako nekazaritzaren eta abeltzaintzaren arloko sailekin batera.

Plana, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuak 2016ko irailaren 16an emandako Aginduaren bidez onartua, bi helbururekin egin da, estrategia global gisa: alde batetik, elikagai eta pentsuen segurtasunaren eta kalitatearen arloko legezko eskakizunak betetzeko eta, bestetik, Euskal Autonomia Erkidegoko elikagai eta pentsuen kontrol ofizialaz arduratzen diren agintaritza guztiak elkarren artean koordinatzeko beharrei erantzuteko.

Arriskuetan oinarritutako kontrolak

Kontrol ofizial horien bitartez, elikakatearen oinarrian sar daitezkeen arriskuak detektatu eta ezabatu nahi dira, betiere ikuspegi aurreratu batean oinarrituta. Hori dela eta, aldez aurretik egiten den arrisku‑analisia kontuan harturik planifikatzen dira kontrolak, eta horren arabera erabakitzen da zenbatean behin egin ikuskapenak. Horrenbestez, arrisku handiena duten operadoreak maizago ikuskatzen dira, eta modu horretan, gainera, kontrol ofizialerako erabiltzen diren baliabideak optimiza daitezke.

Beste alderdi nagusiak

Planean, kontrol ofizialak ez ezik, beste hainbat alderdi jasotzen dira: operadoreen eta kontrol-langileen Prestakuntza, eta kontrolen kalitatea, besteak beste. Kontrolen kalitatea neurtzeko, kontrol-programen Egiaztapenak eta Auditoretzak egiten dira, eta horri esker egiazta daiteke ea kontrolak kalitate, eraginkortasun, efizientzia eta proportzionaltasun gorenaren irizpideei jarraituz egiten diren.