AESANen Batzorde Zientifikoak Espainiako herritarrek dietaren bitartez kadmioarekin kontaktuan egoteko duten arriskuaren ebaluazioa egin du; hortik ondoriozta daiteke 12 eta 35 hilabete arteko haurrak direla esposizio hori jasateko talderik kalteberena, elikagai gehiago kontsumitzen baitituzte beren gorputz-pisuarekiko. Dena den, kadmioarekiko esposizioa segurtasun-marjinaren barruan dago biztanleria-talde guztietan.

Elikagaien kadmio-edukia

Ebaluazio hau egiteko, 16 elikagai-taldetan sailkatutako 2.965 lagin aztertu dira, denak ala denak 2014 eta 2017 artean autonomia-erkidegoek eta Kanpo Osasunak egindako kontrol ofizialerako programaren barrukoak.

Espainian kontsumitzen diren elikagaietako kadmio-presentziak altua izaten jarraitzen du; hain zuzen ere, aztertutako laginetan % 32,8koa izan da. Kontzentrazio-tartea kontuan hartuta (beheko muga-LB eta goiko muga-UB), ikus daiteke kakao disolbagarria (215,3-215,3 µg Cd/kg), moluskuak (172,8-178,5 µg Cd/kg), eta txokolatea eta eratorriak (114,0-116,7 µg Cd/kg) direla batez besteko kadmio kontzentraziorik handiena duten elikagaiak.

Dietaren bidezko kadmioarekiko esposizioaren ebaluazioa

  • Helduetan, itsaskien bitartez ahoratzen da kadmio gehien; hain zuzen ere, era horretan ahoratzen da kadmioaren % 24,5.
  • 3 eta 17 urte arteko biztanleetan, kakao disolbagarria da kadmio-ingestioan gehien eragiten duen elikagaia (ingestioaren % 30 eta % 24, hurrenez hurren).
  • 12-35 hilabeteko haurretan, patata da kadmio gehien dakarren elikagaia (ingestioaren % 39).

Arriskua karakterizatzea

Batez besteko kontsumoan, zenbatetsi den asteko kadmio-ingestioa Asteko Ingestio Onargarriaren barruan kokatzen da, 2,5 μg Cd/gp kg/aste baita.

  • Helduen kasuan (18-64 urte), esposiziorik probableenerako (batez besteko kontsumoa) kalkulatutako batez besteko ingestioaren balioa Asteko Ingestio Onargarriaren azpitik dago, % 14,3 eta % 48,3ko tarte batean.
  • Nerabeetan (10-17 urte), dietaren bidezko esposizioa Asteko Ingestio Onargarriaren % 30,5 eta % 77,0 artekoa da.
  • 3-9 urteko eta 12-35 hilabeteko haurretan, dietaren bidezko ingestioa Asteko Ingestio Onargarria baino txikiagoa da beheko mugaren (LB) zenbatespena kontuan hartzen badugu; izan ere, goiko muga (UB) kontuan hartuz gero, bi taldeen ingestio zenbatetsiak gainditu egiten du Asteko Ingestio Onargarria, eta ia bikoitza da.

Gomendioak

Talde guztien kasuan, itsaskien muturreko kontsumoa da dietaren bidez kadmioa ahoratzeko iturri nagusia.

“Haragi iluna” eta ganba, otarrainxka, zigala, karramarro, eta abarren buruak kontsumitzea ohikoa denez eta horietan zati “zurian” baino kadmio kontzentrazio handiagoa dagoenez, AESANen Batzorde Zientifikoak egokitzat mantentzen du krustazeoen haragi beltzaren kontsumoa mantentzeko gomendioari eustea.

Aurreko ebaluazioarekin alderatzea

Espainiako helduen artean, dietaren bidezko kadmioarekiko esposizioak behera egin du, % 26 eta % 42 beheko eta goiko mugen zenbatespenetan, hurrenez hurren. Dena den, baliteke azterlanetako kuantifikazio-mugetan eta kontsumo-datuetan dauden desberdintasunek emaitza horietan eragin izana.