EFSAk eta ECDCk batera ebaluatu dute Belgikako prozesatuen fabrika batean egindako txokolateak eragin duen Salmonella agerraldia. Eskuragarri zegoen informazioa aztertu ostean, Adituen taldeak ondorioztatu du prozesatuen fabrikan bertan ikerketa handiagoa egin behar dela agerraldia zerk eta noiz eragin duen identifikatzeko, bai eta kutsadura eragin duten faktoreak identifikatzeko ere.

Gertakarien sekuentzia

2021eko abenduan, enpresak S. typhimurium hauteman zuen autokontrolerako laginetan, Belgikako prozesatuen fabrikan, eta esne-gazura identifikatu zuten balizko kutsadura-puntu gisa. Higiene-neurriak ezarri eta lagin gehiago hartu ostean, egiaztatu zen txokolate-produktuek ez zutela Salmonella, eta mundu osoan banatu ziren.

 

2022ko otsailaren 17an, Erresuma Batuak Salmonella typhimurimek eragindako infekzio monofasikoko hainbat kasu jakinarazi zituen. 2022ko apirilaren 8ra bitartean, 150 kasu jakinarazi ziren EB/EEEko bederatzi herrialdetan (Alemania, Belgika, Frantzia, Irlanda, Luxenburgo, Norvegia, Herbehereak, Espainia eta Suedia) eta Erresuma Batuan. Ikerketa epidemiologikoaren arabera, Belgikako fabrika batean egindako txokolate-produktuak izan zitezkeen infekzio-iturri.

 

2022ko martxoan, hainbat herrialdetako agintaritza eskudunak jakinarazpenak egiten hasi ziren eta enpresak kaltetutako produktuak merkaturik kendu zituen herrialde batzuetan.

 

Apirilaren 8an, enpresa fabrikatzaileak hainbat kontrol ofizial egin ondoren, Belgikako elikagaien segurtasunerako agintaritzak produkzio-baimena kendu zion; izan ere, egiaztatu zen enpresa horrek ezin zuela bermatu bere produkzioaren segurtasuna. Aldi berean, enpresak erabaki zuen Belgikako fabrikan egindako produktu guztien loteak merkatutik kentzea, aintzat hartu gabe lote-zenbakia edo iraungitze-data.

Inplikatutako anduia

Sekuentziazio genomikoko tekniken bidez inplikatutako anduia identifikatu ahal izan da eta anduia hori agerraldiko giza kasuekin lotu da. Horiek horrela, jakin ahal izan da agerraldian inplikatutako bakterioa Salmonella typhimurim ST34 dela.

Anduia hori erresistentea da zazpi antimikrobiano-klaserekiko, nahiz eta oraindik ere sentikorra den azitromizinarekiko, ziprofloxazinarekiko, meropenemarekiko eta zefalosporinekiko.

Agerraldiaren eboluzioa

Agerraldia oso azkar ari da eboluzionatzen. Infekzio gehienak 10 urtetik beherako umeetan gertatu dira, eta, kasu askotan, ospitaleratu egin behar izan dute. Edonola ere, produktua merkaturik kentzeak murriztu egingo du infekzio gehiago izateko arriskua.

 

Agerraldi horrekin lotutako ahalik eta informazio berri gehien biltzen ari dira. Hala ere, tipifikazio molekularra herrialde guztietan ohiz egiten ez denez, kasu batzuk ezingo dituzte ekidin. Bestalde, beste eraldaketa-fabrika batzuetako lehengaien erabilera sakonkiago aztertu beharko da.