Arriskuak Ebaluatzeko Alemaniako Institutuak (BfR) agindutako azterlan baten bidez egiaztatu da ez dagoela glifosatoa oinarri duten pestiziden hondarrik ama-esnean.

Azterlanean ama-esnearen 114 lagin batu dira, eta bakoitza bi aldiz aztertu da, egiaztatuta dauden eta 1 ng/ml-tik gorako kopuruetan ama-esnean dauden glifosato-hondarrak antzemateko gaitasuna duten bi laborategi independentetan. Kopuru hori hain da baxua, non ama-esneaz bakarrik elikatzen den haurtxo batek egunean hartzen duena onartzen den gehieneko kopurua baino 1000 aldiz baxuagoa den.

Bi laborategietako batek ere ez du antzeman glifosato-hondarrik aztertutako laginetan. Beraz, horrela egiaztatzen da ez zaiola materia aktibo hori transferitzen ama-esneari, ez eta behi-esneari ere.

Ebaluazio horren bidez, BfR-k baieztatzen du ama-esnea dela, oraindik ere, haurtxoen bizitzako lehen urtean elikagairik onena; izan ere, digeritzeko erraza izateaz gainera, umearen nutrizio-beharrak betetzen ditu. Gainera, bizitzako lehen lau-sei hilabeteetan ama-esnez bakarrik elikatzen diren haurtxoek askoz ere arrisku txikiagoa dute, esaterako, arnas bideetako infekzioa jasateko.

Pasa den ekainean argitaratu ziren emaitza batzuetan ama-esnearen 16 laginetan glifosatoa antzeman zelako eskatu da azterlan hori egiteko.

Laginketaren emaitzak EFSAren ondorioetan txertatu dira, eta oinarri zientifikoarentzat lagungarri izango dira, Europa mailan glifosatoaren baimena berritzeko hurrengo prozesurako.

Azterlan osoa (BfR)