Europar Batasunaren Ikerketa Zentro Komunak (JRC) txosten zientifiko bat argitaratu du; bertan, plastikoek elikagaietan duten eraginari eta iraunkortasunari buruzko ezagutza-hutsuneak identifikatzen ditu, eta nazioarteko hainbat adituk arlo horretan egindako gomendioak ezagutarazten ditu.

Onurak vs arriskuak

Plastikoek gizarteari dakarzkioten onurak argiak dira, bereziki elikakatean; hala ere, premiazkoa da plastiko horiek ekoitzi eta suntsitzeko modua eraginkortasunez kudeatzea. Plastikoen Europar Estrategia Ekonomia Zirkularrean izeneko ekimena duela gutxi txertatu da (EB, 2018); horrek azpimarratzen zuen ezinbestekoa zela plastikoei loturiko erronkei aurre egitea, plastikoen xahuketa eta plastikozko hondakinak kontuan hartuta, bai mikroplastikoak, bai nanoplastikoak.

Zientzia-ebidentzia

Mikroplastikoak hauteman dira, nagusiki itsasoan, ur gezan, zoruan eta airean; ondorioz, frogatu da elikadura-produktuetara transmiti daitezkeela eta bertan presentzia badutela. Nanoplastikoak oraindik ez dira hauteman, baina uste da ingurumenean presentzia dutela.

Gero eta hedatuago dagoen arazo hori konpontzeko, beharrezkoa da etorkizuneko ikerketak egitea eta berehala hainbat neurri hartzea, hala nola ekimen sozialak eta politikak ezartzea. Ikuspegi zabal eta sistematikoa behar dugu mundu-mailan, elikagaien hornidura-kate osoan zehar, iraunkorrak diren ekintza eta konponbideak ezartzeko.

Ezagutza-hutsuneak

Gehiegizko plastikoaren arazoari aurre egiteko hainbat ikerketa-proiektu dago Europan; hala ere, oraindik ere analisi-bitarteko egoki eta balioztatuak behar dira mikro- eta nano-plastikoak behar bezala hauteman eta kuantifikatzeko.

Horrez gain, datuak falta dira arriskuei eta esposizioari buruz, arriskuen ebaluazioa gauzatu ahal izateko.

Gomendioak

JRCk, ECHA, EFSA eta beste europar agentzia batzuekin lankidetzan, gonbidapena luzatuko die mikro- eta nano-plastikoen arrisku-ebaluazioari loturiko adituei erronkak eta ebaluazio-metodologiak eztabaidatzeko, bai eta elikagaien esposizioa eta elementu horiek gizakion eta animalien osasunean dituzten ondorioak ebaluatzeko datuei buruz eztabaidatzeko ere.

Metodo eta datu horiek eskuragarri jarri ondoren, aukera egongo da plastikoak eragindako zaborrak ingurumenean dituen ondorioak ebaluatzeko, bai uretan bai lurrean; hala, plastikoaren bizi-ziklo osoa aztertu ahalko dugu.