FAO eta OMEk baterako txostena argitaratu dute, ziguaterak eragindako intoxikazioari buruz adituek 2018ko azaroaren 19tik 23ra Erroman bilera egin ostean. Txostenak orain arte ezagutzen diren ziguatoxinen arriskuen ebaluazioa barne hartzen du eta, zehazki, arriskua identifikatu eta esposizioa ebaluatzen da bertan. Halaber, txostenean, toxina horien banaketa geografikoa, kideak eta horiek detektatzeko metodoak bildu dira.

Txostena egiteko orduan, EuroCigua proiektuko adituek parte hartu dute, koordinatzailea AESAN izan da eta, besteak beste, EFSAk finantzatu du. 6 estatu kideetako 14 erakunde aritu dira lanean, eta helburua da Europan ziguaterak duen arriskuaren ezaugarriak identifikatzea.

Aurrekariak

2015. urtean, FAOk erakundeen arteko bilera antolatu zuen ziguaterak sortutako intoxikazioa aztertzeko, elikagaien segurtasunerako gero eta mehatxu handiagoa baitzen. Hala, bilera hartan, ekintza-plana definitzeaz gain, zehaztu zen nazioarteko zientzia-aholkularitza eta munduan arriskuak kudeatzeko estrategia garatzea ezinbestekoa zela.

2016an Arrantza eta Arrantza Produktuetarako Codex Batzordeak intoxikazioa gaixotasun gisa planteatu zuen, zeinak gero eta munduko eskualde gehiagori eragiten baitzien. Adituek egiaztatutakoaren arabera, aldaketa klimatikoa dela eta, ekaitzen eta urakanen maiztasuna areagotzen ari da, itsasoaren gainazaleko tenperatura igotzeaz gain, eta, ondorioz, alderdi horiek ziguatoxinak (CTX) sortzen dituzten alga toxikoen banaketari eta ugaritzeari eragiten diete. Gainera, merkataritzaren globalizazioak ziguatoxinak hedatzen laguntzen du. Horregatik, ondorioztatu zuten beharrezkoa zela aldez aurretik ziguatoxinak beren arriskuak kudeatzeko programetan sartu ez zituzten herrialdeei egoeraren berri ematea eta aholkatze.

Arriskua ebaluatzea

Mundu guztian, arrainek ziguatoxinak dituztelako urtero ziguatoxinen 50.000 intoxikazio‑kasu inguru sortzen dituztela zenbatetsi da. Neurologia-efektuek asteak, baita urteak ere, iraun ditzakete eta kasuen % 1 hilgarria da.

Pertsonei dagozkien datuak aztertu ondoren, CTX1Bren 50 pg/gorputz-pisuko kg-ko LOAEL identifikatu zen, baina ziurgabetasunaren ondorioz, ezinezkoa da ebaluazio honetan erreferentziazko dosi akuturik definitzea.

Eskuragarri dauden datuek ez dute ematen oinarri egokirik nazio-mailan eta nazioartean elikagaien esposizio aplikagarria ebaluatzeko. Horrez gain, ebaluazio honen oinarri gisa erabili diren datuak eremu endemikoetatik datoz, eta eremu horietan ezin dira esposizio anitzak baztertu.

Pertsonengan sortutako sintomei lotuta, Karibeko arrainetan aurkitutako kontzentraziorik txikiena gutxi gorabehera 0,02 µg/kg CTX1B-baliokide izan zen. Kontsumitutako arrain-kopuruaren arabera, toxina-maila hori honako esposizio dietetiko honen baliokidea izan daiteke: 100-1.000 gramoko anoetarako, 33-340 pg/kg CTX1B baliokide.

Haurrengan eta helduengan CTXen ondorioak desberdinak izatearen ebidentziarik ez dago. Hala ere, haurren ingestioa handiagoa da, beren gorputz-pisuarekiko erlazioa kontuan hartuta; beraz, CTXekin kutsatutako arraina kontsumitzean ziguaterak eragindako intoxikazio-arriskua adin nagusikoena baino handiagoa izan daiteke, nahiz eta arrain-kopuru berdina kontsumitu.

Arriskuaren kudeaketa

Aintzat hartuta gaur egun dauden hutsune zientifikoak, ezin izan da arriskuaren ebaluazio osoa egin. Hala ere, adituak existitzen den ezagutzaz eta ziguateraren eremu endemikoetako ohiko jardunbideez baliatu dira arriskuen kudeaketari buruzko gogoeta batzuk egiteko aipatutako gaixotasunaren intzidentzia gora egiten ari den eskualdeetarako:

  • Arriskuen zaintza-programak eta ebaluazio-protokoloak ezarri edota indartzea.
  • Kaltetutako espezieak zeintzuk diren zehazteko arreta handiko laginketa-diseinu bat ezartzea.
  • Elikakatean ziguaterak zer-nolako transmisioa duen kontu handiz behatzea.
  • Espezie gakoak zeintzuk diren zehaztea.
  • Arrantza-sektoreko jardunbide egokiak ezartzea.
  • Kontsumitzaileei zuzendutako sentsibilizazio- eta komunikazio-kanpainak egitea.

Adituek diotenez, aitortu beharra dago eskualdeko eta tokiko baldintzek organismoen sorreran eta toxinen ekoizpenean eragin handia dutela; beraz, ondorioen tokiko edo eskualdeko garrantzia baino ez da kontuan hartu behar, eta beste eremu batzuetara transferitzean, arreta handiz jokatu behar da.