BASERRITIK MAHAIRA: elikadura-sistema jasangarriagoetarako trantsizioa
Europako Batzordeak Baserritik Mahaira Estrategia argitaratu du, elikadura-sistema jasangarriagoa, osasungarriagoa eta ingurunearekiko adeitsuagoa izan dadin. Estrategia hori Europako Itun Berdearen (Green Deal) barruan dago eta xede du elikadura-sistema jasangarriagorako trantsizioa, zeinak elikagaien segurtasuna babestuko duen eta bermatu egingo duen elikadura osasungarria eta jasangarria eskuratzea, eta, halatan, elikagaien xahuketa murriztea.
Estrategiak elikagaien ekoizpen- eta kontsumo-kate osoko neurriak biltzen ditu, lehenengo sektorea barne. Europako nekazaritza eta arrantza arloko politikek (PAC eta PPC) jarraituko dute lanabes nagusiak izaten lehenengo sektoreari laguntzeko elikadura-sistema jasangarrietarako trantsizioan; eta, horretarako, Itun Berdearen asmoak jaso eta jardunbide jasangarriak sustatu beharko dituzte finantzazio-fluxu berrien bidez. Era berean, ikerketa eta berrikuntza izango dira funtsezko eragileak elikadura-sistema jasangarri, osasungarri eta integratzaileetarako trantsizioa arintzeko, Horizon Europeren bidez.
Estrategiaren xede nagusien artetik honako hauek azpimarratu behar dira: batetik, pestizida kimikoen, ongarrien eta antimikrobianoen erabilera eta arriskua murriztea, eta, bestetik, ekoizpen ekologikoa areagotzea.
Estrategia hori ez da lege-dokumentu bat, ibilbide orri bat baizik. Orri horrek datozen urteetan abian jartzeko ekimenak biltzen ditu, eta askotan elikadura-sistema jasangarrien arau-esparrua ezarriko duten aldaketak ekarriko dituzte. Honako hauek dira Batzordeak hainbat arlotan proposatzen dituen jarduketetako batzuk:
Elikagaien Segurtasuna
- Krisi-garaian elikagaien hornidura eta elikagaien segurtasuna bermatzeko kontingentzia-plana egitea, arriskua ebaluatzeko eta kudeatzeko neurriak eta erantzun koordinatuko mekanismoak barne hartuko dituena.
- Pestizidek ingurumenean duten arriskuaren ebaluazioa indartzea eta pestizidei buruzko estatistiken inguruko adierazle berriak garatzea.
- Elikadura-iruzurraren aurkako borroka indartzea, eragileentzako bidezko lehia-baldintzak lortzeko eta kontrol- eta zaintza-agintarien ahalmenak indartzeko.
Elikagaien xahuketa
- Juridikoki lotesleak diren xedeak proposatzea, 2023rako elikagaien xahuketa murrizteko EB osoan.
- Lehentasunezko iraupen-dataren eta iraungitze-dataren etiketei buruzko arauak berrikustea.
Nekazaritza
- Pestiziden erabilera jasangarriari buruzko Zuzentaraua berrikustea, izurriteen kudeaketa integralari buruzko xedapenak hobetzeko eta uztak izurriteetatik eta gaixotasunetatik babesteko metodo alternatibo seguruagoen erabilera sustatzeko.
- Substantzia aktibo biologikoak dituzten pestiziden erabilera sustatzea.
- Nutrienteen (fosforoa eta nitrogenoa) kudeaketa integralerako ekintza-plana egitea.
- Nekazaritza Ekologikoari buruzko ekintza-plana egitea, sektorearen garapen ekonomikoa bermatu eta produktu horien eskaria bultzatuko duena.
- Nekazaritza produktuak sustatzeko programa berrikustea, ekoizpen eta kontsumo jasangarriari egiten dion ekarpena areagotzeko.
- Elikagaien hornidura-katean nekazarien, euren kooperatiben eta ekoizleen erakundeen posizioa sendotzen duten nekazaritza-arauak hobetzea.
Abeltzaintza
- Animaliengan antimikrobianoen erabilera zuhurra eta arduratsua sustatzea.
- Albaitaritza-sendagaiei eta pentsu sendagarriei buruzko arau berriak aplikatzea.
- Abeltzaintza arloko ekoizpen-metodo jasangarriago eta karbonoaren arloan efizienteagoak babestea, besteak beste negutegi-efektuko gasen aztarna eta horiekin lotutako ur- eta aire-kutsadurak murrizten laguntzen duten pentsuak.
- Animalien ongizateari buruzko araudia berrikustea, animalien garraioari eta hilketari dagokienez.
- Animalien ongizatea etiketatzeko aukerak aztertzea, abeltzaintza-ustiategietako jasangarritasun-ahaleginak herritarren eskaerarekin lotzeko.
Arrantza
- Arrain-populazioak maila jasangarrietan egotea lortzeko ahaleginak areagotzea, besteak beste, bazterkinen ondoriozko xahuketa-maila murriztuta.
- Klima-aldaketak eragiten dituen arriskuen azterketa ebaluatzea.
- Itsasoko elikagaien jasangarritasuna eta karbono-aztarna murriztua duten proteina-iturrietarako sarbidea bermatzeko ekimenak garatzea.
- Akuikulturarako estrategia berrikustea, itsasoko elikagai askotarikoen ekoizpena eta kontsumoa sustatzeko eta ingurumenaren babesaren eta animalien ongizatearen maila handiak sustatzeko.
- Algak dituzten elikagai jasangarrien eta pentsuetarako lehengai alternatiboen indar osoa gaitzea.
Elikagaien industria
- Elikagaien industria bideratzea aukera osasungarria eta jasangarria kontsumitzaileentzat aukera errazena izatea ahalbidetuko duten praktiketara.
- Elikagai prozesatuak berriz formulatzeko ekimenak garatzea.
- Nutrizio-profilak egitea, koipe, azukre eta gatz ugariko elikagaien sustapena murrizteko.
- Ikerketa sustatzea, proteina alternatiboen (besteak beste landare-proteinak, mikrobio-proteinak, itsasokoak eta intsektu-proteinak) eta haragiaren ordezkoen eskuragarritasuna eta hornidura handitzeko.
- Borondatezko konpromisoak bultzatzea, EBren jardunbideari buruzko kode baten bidez, enpresa- eta marketin-praktika arduratsuei begira.
- Lehia-arauak argitzea, hornidura-kateetan jasangarritasuna sustatzen duten ekimen kolektiboetarako.
Elikagai osasungarriak eta jasangarriak hautatzeko informazioa
- Elikagai jasangarrien etiketen esparrua osatzea, horietan nutrizio-, klima-, ingurumen- eta gizarte-alderdiak gehitzeko.
- Produktu jakin batzuetan jatorri-adierazpenak derrigor adieraztea
- Ontzien aurrealdean, nutrizio-propietateei buruzko derrigorrezko etiketa jartzea.
- Borondatezko adierazpen ekologikoak bateratzea.
- Eskola eta erakunde publikoetan elikadura osasungarria eta jasangarria sustatzea.