Fipronil intsektizidak arrisku akutu handia eragin dezake erleetan, baldin eta arto-haziak tratatzeko erabiltzen bada. Horixe da, hain zuzen ere, EFSAk atera duen ondorioa.

Europako agintariek balioetsi egin dute fipronilaren arriskua, eta horretarako arreta berezia jarri diete, batetik, koloniaren biziraupenean eta garapenean dituen eragin akutu eta kronikoei, eta, bestetik, erleen hilkortasun-tasan eta jarreran dosi subletalek dituzten eraginei.

Fipronilarekiko hainbat esposizio-bide aztertu zituzten, eta honako hauek dira ondorioak:

  • Tratatutako haziek askatzen duten hautsak eragindako arriskua: arrisku akutu handia atzeman zen artoan. Ezin izan dira zehaztu beste uzta mota batzuen hautsarekiko esposizioaren arrisku-mailak (adibidez, ekilorea); izan ere, ez da arrisku ebaluazioak osatzeko aukerarik izan.
  • Kutsatutako nektarra eta polena: adituek diote dauden txostenak ez direla nahikoak, ekilorean eta arto-hazietan fipronila tratamendu gisa erabiltzeak arriskua eragiten duen balioesteko.
  • Hainbat hutsune identifikatu ziren beste esposizio-bide batzuei buruzko datuetan.

Fipronila intsektizida bat da, fenilpirazol kimika-familiakoa, oso erabilia. Lurreko zenbait intsektu (larbak hazten diren etapan) kontrolatzeko erabiltzen da, eta kontaktuaren eta ingestaren bidez izaten du eragina.

2013ko urtarrilean, EFSAk arrisku balioespen batzuk argitaratu zituen, hain zuzen ere, clotianidina, tiametoxam eta imidacloprid neonikotinoideek erleetan duten eragina aztertzen dituztenak.

Fipronila erleetan – EFSA