Fitoestrogenoak landare-elikagaietan
Ministro Eskandinaviarren Kontseiluak (NMC) azterlan bat argitaratu du, Uppsalako Unibertsitateak eta Suediako Elikadura Agentziak egina; bertan, elikagai gordinetan (prozesatu gabeetan) dauden fitoestrogeno multzo hauen mailak aztertu dituzte: isoflabona, lignanoak, estilbenoak eta kumestanoak.
Azterlanaren egileen arabera, elikagaietan dauden hainbat fitoestrogenoren mailei buruzko informazio zehatza eduki behar da gure dietan fitoestrogenoak edukitzeak zer eragin izan ditzakeen ebaluatzeko: baliteke kaltegarria izatea edo, alderantziz, fitoestrogenoek, etengailu endokrino gisa, eragin kaltegarriak murrizten laguntzea.
Zer dira fitoestrogenoak?
Elikagaietako etengailu endokrinoak aztertzean, elikagaietan dauden ingurumeneko kutsatzaile kimikoak hartzen dira kontuan nagusiki, hala nola hidrokarburo aromatiko poliziklikoak, A bisfenola, produktu fitosanitarioak, dioxinak, PCBak eta ftalatoak. Alabaina, aintzat hartu behar da estrogeno-konposatu batzuk elikagaien osagai natural eta ohikoak direla. Landareetatik datozen eta estrogenoen eragina imitatu edo asaldatzeko ahalmena duten elikagaietako osagai naturalei fitoestrogeno deitzen zaie.
Fitoestrogeno asko etengailu endokrino gisa aritzen dira, hormona endogenoak imitatuz edo horien eraginak estaliz. Horrenbestez, kasu batzuetan estrogenoen funtzio bera izan dezakete eta, beste batzuetan, estrogenoen jarduna blokeatu. Hori dela eta, garrantzitsua da hartutako dosia eta esposizioaren unea zein diren ondo jakitea. Estrogeno-hartzaileetan duten eragin bikoitz horrez gain, fitoestrogeno askok beste eragin biologiko batzuk ere izan ditzakete; esaterako, entzimak inhibi ditzakete edo antioxidatzaile gisa jardun, eta antioxidatzaile batzuk prooxidatzaile bihur daitezke egoera jakin batzuetan.
Elikagaien fitoestrogeno mailak
Elikagai lekadunek isoflabona eta kumestano asko izaten dituzte, baina horien mailak aldatu egiten dira espezieen arabera.Soja eta alpapa dira fitoestrogeno horietako gehien dutenak. Beste elikagai batzuetan ere isoflabona eta kumestano dezente aurki daitezke; besteak beste, osagai sojadunak dituztenetan, ogi mota batzuetan, barra energetikoetan eta baia batzuetan.
Bestalde, lignano gehien duten elikagaiak zerealak, haziak, lekadunak, barazkiak eta frutak dira.
Azkenik, estilbenoak aurki daitezke mahatsetan eta mahatsetik datozen produktuetan (ardoan, esaterako), baina baita garagardoan (zehazki, lupuluan) eta masustetan ere.
Elikagaiak prozesatzean, kasu gehienetan, fitoestrogenoak gutxitu egiten dira edo erabat desagertzen dira; dena den, fitoestrogeno-konposatu termoegonkor batzuek beren horretan jarraitzen dute.