Fluorra uretan eta ingestio totala: ingestio-muga berriak adin guztietarako
Elikagaien Segurtasunerako Europako Agentziak (EFSA) zientzia-irizpen berri bat argitaratu du; bertan, fluorraren ingestio segururako mailak eta gehieneko ingestio-maila jasangarriak (UL) zehaztu ditu, ingestio totaleko ekarpen desberdinak kontuan hartuta (edateko ura, elikagaiak, mahaiko gatz fluorduna eta hortzak zaintzeko ingeritutako produktu fluordunak).
Ebaluazioan kontuan hartu dira balizko efektu neurologikoak, hezurretakoak, tiroideoak edo adin txikiko haurretan hortzetako fluorosia, besteak beste.
20.000 azterlan baino gehiago berrikusi ostean, irizpenean honako eguneko gehieneko maila hauek ezarri dira:
| Adina | Maila (UL edo Ingesta Segurua) |
|---|---|
| 0–12 hilabete | 1,0 mg/egun (UL) |
| 1–3 urte | 1,6 mg/egun (UL) |
| 4–8 urte | 2,0 mg/egun (UL) |
| ≥ 9 urte (haurrak/helduak) | 3,3 mg/egun (Ingesta Segurua) |
| Haurdun dauden emakumeak (≥ 9 urte) | 3,3 mg/egun (Ingesta Segurua) |
Maila horiek, 0 eta 8 urte bitartean jasotzen direnean, hortzetako fluorosia prebenitzera bideratuta daude nagusiki.
Euskadin urteak dira kontsumorako uretan fluorra dosifikatzeari utzi zitzaiola; hala ere, konposatu hori modu naturalean egon daiteke, adierazgarriak ez diren mailetan
Bestalde, ondorioztatu da kontsumorako uren fluor-kontzentrazioaren legezko muga, 1,5 mg/L, gehiegizkoa dela; izan ere, esposizio totalak UL/Ingesta segurua neurria gainditzen du adin-talde guztietan. Hala ere, Europako uren kontzentrazio-datuen arabera, laginen % 86 0,3 mg/L-tik beherakoa da, eta % 97, berriz, 0,7 mg/L-tik beherakoa (maila horiek ingestio totala segurtasun-tarteen barruan mantentzen dute).
Ondorioa
Legezko mugaren eta ebaluazioan eskuratutako emaitzen aldeak 1,5 mg/L-ko muga berrikusteko beharra dakar, esposizio-maila gehienekoa bada ere, ezein adin-taldek ingestio jasangarria ez gainditzeko.
Haurdun dauden emakumeen eta 8 urtetik gorako adin-taldeen kasuan, EFSAko adituek ingestio segururako maila egunean 3,3 mg-koa zela zehaztu dute.
