Fluorraren erreferentziazko balio dietetikoen berrikuspena – EFSA 2013
EFSAko Dietetika-produktuen, Nutrizioaren eta Alergien Panelak (NDA) irizpen bat argitaratu du. Bertan, berrikusi egiten dira fluorraren erreferentziazko balio dietetikoak, eta honako balio hau ezarri da, Ingesta Egoki gisa: 0,05 mg/gp kg/egun. Horretarako, iturri guztiak aintzat hartu dira, elikaduraz gaindikoak ere bai.
Fluorra ez da funtsezko nutrientea; beraz, ezin dira oinarrizko funtzio fisiologikoetarako betekizunak definitu. Alabaina, haginetako txantxarrak saihesteko onuragarria denez gero, Panelak egokitzat jo du Ingesta Egokiko erreferentziazko balioa ezartzea.
Elikaduran, fluor-iturri nagusiak ura, ur fluordunarekin berrosatutako edariak, tea, itsas arrainak eta gatz fluorduna dira. Epidemiologia-azterlanek erakutsi egiten dute alderantzizko harremana dagoela uretako fluoruroaren kontzentrazioaren eta txantxarren prebalentziaren artean. Alabaina, oso gaitza da dosia/erantzuna harremana ezartzea fluorraren ingestaren eta txantxarren arriskuaren artean; izan ere, azterlan gehienetan ez da aintzat hartzen haginen higienerako produktuek duten fluorra.
Nolanahi ere den, Panelak uste du dosia/erantzuna harremanari buruzko datuak, txantxarren eta fluor-kontzentrazio ezberdinak dituzten ur edangarrien kontsumoaren arteko eraginari dagokionez, behar bestekoak direla honako Ingesta Egoki hau ezartzeko: 0,05 mg / gorputz-pisuko kg/egun. Horretarako, aintzat hartu dira iturri guztiak, elikaduraz gaindikoak barne; hala nola, hortz-orea eta haginen higienerako produktuak.
Ez dago daturik fluorraren kontsumoaren eta txantxarren eraginaren arteko dosia/erantzuna harremana definitzeko helduen artean, baina Panelak uste du Ingesta Egoki hori helduei, emakume haurdunei eta edoskitze-aroan dauden emakumeei ezar dakiekeela. Azken horiei dagokienez, emakumeak haurdunaldia baino lehen zuen pisuaren arabera kalkulatu behar da.