EFSAk frutak, barazkiak eta belar aromatikoak, freskoak zein izoztuak, tratatzeko erabiltzen den uraren kalitate mikrobiologikoa eta fisikokimikoa aztertu du, eta ondorioztatu du ura desinfektatzeko eta berritzeko tratamenduak konbinatzeak lagundu egiten duela kalitate egokia mantentzen. Gainera, tratamendurako uraren kudeaketa-planak egin ditu eta doako online tresna bat garatu du, elikagai-enpresei uraren kudeaketa-sistema hobetzen laguntzeko.


Azken urteotan, Listeria monocytogenes, Shiga toxinaren sortzaile den Escherichia coli eta antzeko bakterio-patogenoek agerraldi larriak eragin dituzte Europar Batasunean, fruta, barazki eta belar fresko eta izoztuen kontsumoarekin lotuak.

Uraren kalitateak eta industria-erabilerak gero eta kezka handiagoa sortzen du mundu-mailan, batetik, elikagaietan mikroorganismo kaltegarriak sarraraz ditzakeelako, eta bestetik, klima-aldaketa dela-eta aurreikusten delako gero eta ur gutxiago izango dugula eskuragarri, zientzia-irizpen honetan ebaluatu denaren arabera.


EFSAren arrisku biologikoen BIOHAZ panelak FAOk eta OMEk garatu duten “bere xederako egokia den ura” kontzeptuari heldu dio. Honela definitzen da:

 “Xede jakin baterako kaltegabetzat jotzen den ura, arrisku mikrobiologiko eta bestelako faktore egoki posible batzuk identifikatu, ebaluatu eta barne hartuta (hala nola erabilera-historia, elikagaien erabilera aurreikusia, etab.), bai eta kontrol-neurriak aplikatuta ere, hala nola tratamenduaren alternatibak eta arrisku horiek modu eraginkorrean ezabatu edo arinduko direla bermatzeko duten eraginkortasuna”.

Ikuspegi horrek zenbait alderdi aintzat hartzen ditu ura kudeatzeko plan egokiena hautatzean, hala nola: ur-iturriaren eta harekin lotutako arrisku posibleen ebaluazioa, desinfekzio-aukerak eta elikagaiaren azken erabilera (adibidez, gordinik kontsumitzeko elikagaietarako den).

Hiru zientzia-irizpenek aurretik garatutako lanari (EFSA, 2023) jarraitzen diote. Lan horretan, tratamendurako uraren kudeaketa-planaren oinarri teorikoa ezarri zen, eta, horretarako, aurretik eginiko azterlanetako informazioa, agerraldiei buruzko datuak eta enpresen erantzunak erabili ziren.

Tratamendurako uraren gomendioak eta kudeaketa-planak hiru zientzia-irizpenetan aurkezten dira: bat, fruta, ortuari eta belar aromatiko osoei buruzkoa da (3. atala); beste bat, produktu fresko moztuei buruzkoa (4. atala); eta, hirugarrena, produktu izoztuei buruzkoa (5. atala


EFSAk WaterManage4You doako online tresna ere garatu badu. Tresna horrek lagundu egingo du industria-inguruneetan tratamendurako uretan bakterioen transferentzia eta pilaketa aurreikusten. Aplikazioa egokia da elikagai-enpresetako langileentzat, zientzia-komunitatearentzat eta arlo horretan lan egiten duten agintarientzat.

Tresnak aurrez definitutako datuekin edo datu pertsonalizatuekin funtzionatzen du, eta eredu matematiko bakarra erabiltzen du (zientzia-irizpenean, 2. atalean, definitutakoa), zenbait agertoki simulatu eta ura desinfektatzeko eta berriz hornitzeko estrategien inpaktua aurreikusteko. Horretarako, aplikazioak zenbait parametro hartzen ditu aintzat, besteak beste: uraren bolumena eta ber-hornikuntza, kloro desinfektatzailearen kontzentrazioa, garbitu beharreko produktuaren bolumen osoa, eta bakterio-kontaketa osoak..


Microbiological hazards associated with the use of water in the post‐harvest handling and processing operations of fresh and frozen fruits, vegetables and herbs (ffFVH)