Elikagai eta Albaitaritza Bulegoak (FVO) ikuskatzea egin zuen Espainian joan den apirilaren 1etik 10era, hiltegietan animalien ongizatea bermatzen duten kontrol ofizialen eraginkortasuna egiaztatzeko. Zehazki, hauek egiaztatu zituen:

  • Animaliei ez zaiela inolako minik edo sufrimendurik eragiten, 1099/2009 zenbakiko Araudiarekin (EE) bat eginez.
  • Animalia hiltzeko unean ongizatea bermatzeko kontrol ofizialak, 882/2004 zenbakiko Araudiaren (EE) arabera egindakoak, egokiak direla 1099/2009 zenbakiko Araudia (EE) behar bezala ezartzen dela bermatzeko.
  • Erakunde eskudunek 1099/2009 zenbakiko Araudian (EE) ezarritako baldintza bereziak betetzen dituztela (besteak beste, jardunbide onei, babes zientifikoari eta gaitasun-agiriei buruzko arauak) eta baldintza horiek modu eraginkorrean ezartzen direla.

Horiez gain, hauek ere aztertu ziren:

  • Haragi-ekoizpenerako hazitako oilaskoen ongizatearen baldintza kaskarrak direlako zantzuak ote dauden hiltegietan.
  • Batetik, garraia daitezkeen animaliak baino ez direla bidaltzen hiltegietara; bestetik, horretarako 883/2004 Araudian (EE) jasotako prozedurak ezartzen ote diren. Prozedura horiek ahalbidetu egiten dute animalien "premiazko hilketa" ustiategietan eta hiltegietara kanalak bidaltzea.

Ikuskaritza Asturiasko eta Galiziako hegazti-hiltegietan nahiz haragiki gorrien hiltegietan egin zen. Hona hemen ikuskaritzaren azken txostenean jasotako ondorio nagusiak:

  1. Gabeziak daude hiltegietako langileen prestakuntzari eta gaitasun-agiriei dagokienez.
  2. Gabeziak daude behiei eusteko boxetan.
  3. Ikuskatutako bi autonomia-erkidegoek oraintsu garatu dituzte jakinarazpen-sistema onak, eta aktiboki lan egiten dute hiltegietan animalien ongizatearen kontrola ezartzen.
  4. Hegaztien hiltegiko erakunde eskudunak ez zuen kontrol nahikorik egiten animalien zorabialdian eta hilketaren unean.
  5. Arazo larria da hiltegietara eraman ezin daitezkeen behien garraioa. Badaude autonomia-erkidegoetan araua betearazteko neurriak; alabaina, zehapenak ez dira disuasio-neurriak, eta ez dirudi laster konponduko denik aspaldiko arazo hori.
  6. Autonomia-erkidego gehienetan ez da kontrolik egiten, kortako hegaztien hiltegietan animalia-ongizateari buruzko post morten adierazle berezien erregistroaren gainean.

Ikuskaritzaren azken txostena