Animalia-gaixotasunak kontrolatzeko neurriak ebaluatzeko metodologia
EFSAk A kategoriako animalia-gaixotasunak kontrolatzeko neurrien eraginkortasuna ebaluatzeko metodologia bat argitaratu du. Gaixotasun horiek normalean ez dira egoten Europar Batasunean eta, detektatu bezain pronto, neurriak hartu behar dira horiek desagerrarazteko.
Metodologia egokiena identifikatzeko, EFSAk neurri bakoitzerako egoera espezifikoak aztertu ditu, ikuspegi horrek sor daitezkeen egoera posible guztiak estal ditzakeela bermatzeko. Ondoren, behar izango diren datuak eta informazio-iturriak zehaztu ditu; besteak beste, literatura zientifikoaren bilaketa zorrotza egin du (ahal izan denean), eta, bibliografia nahikoa izan ez denean, adituen ezagutzara jo du.
Metodologia horrek honako esparru hauek barne hartzen ditu:
- animalien eta establezimenduen laginketa, gaixotasunak detektatzeko
- jarraipen-aldia
- mugatutako eremuen gutxieneko erradioa
- gaixotasunak kontrolatzeko neurrien iraupena mugatutako eremuetan
Metodologia berri horri jarraituz, EFSAk irizpen zientifiko bat egingo du A kategoriako gaixotasun bakoitzarentzat, martxan dauden neurrien eraginkortasuna baloratzeko, eta ebidentzia zientifiko berrietan oinarritutako aldaketak iradokiko ditu, edo neurriak proposatu, halakorik ez badago. Irizpen bakoitzean dokumentatuta geratuko da metodologia horri dagokionez egon den desbideratze oro, baita bibliografiaren berrikuspenetatik eta eskuragarri dagoen adituen ezagutzatik sortu daitekeen edozein ziurgabetasun ere.