Arriskuak Ebaluatzeko Alemaniako Institutuak (BfR) gomendatzen du zorrozki bete daitezen higiene-arauak sukaldean meloiak prestatu eta biltzerakoan. Era berean, biztanle talde sentikorrenei, hala nola, haurdun dauden emakumeei, haur txikiei, adinekoei eta gaixoei, gomendatzen die segurtasun-neurriak areagotu ditzaten, eta ez ditzaten jan hainbat ordutan giro-tenperaturan gordeta eta moztuta egon diren meloiak.

Meloiak agente patogenoekin kutsatu daitezke ekoizpenean, garraiatzean edo biltegiratzean. Halako agenteak dira, besteak beste, Salmonella, Listeria eta Escherichia coli Entehemorragikoa (EHEC). Meloiak mozten direnean, bakteriak azaletik haragira igaro daitezke. Gainera, haragia germen patogenoekin kutsa daiteke eskuen edo zikin dauden sukaldeko tresnen (labanak eta mozteko oholak) bidez; beraz, nahiko azkar biderkatu daitezke frutaren haragian, azidotasun txikia duelako. Hori dela eta, infekzioen aurka babesteko, kontsumitzaileek aldez aurretik moztu diren meloiak azkar jan behar dituzte, edo bestela hozkailuan gordeta egon diren meloiak kontsumitu.

Jarraitu beharreko higiene-arauen artean daude eskuak garbitzea eta laban eta mozteko ohol garbiak erabiltzea, kutsadura gurutzatua saihesteko. Arau horiek era berean aplikatu behar dira meloiak prestatzerakoan txikizkako elikagai-dendetan, etxeetan, erakunde komunitarioetan eta ostalaritzako gainerako establezimenduetan, hala nola, jatetxeetan.

Halaber, BfRk txikizkako elikagai-dendei eta jatetxe eta kafetegiei gomendatzen die meloi kantitate txikiak bakarrik moztea, bezeroei hurrengo bi orduen tartean saldu edo zerbitzatu ahal izateko.

Patogenoen arriskua meloietan-BfR