Gipuzkoako teniasiari/zistizerkosiari buruzko azterketa 16/01/27
Teniasi-zistizerkosiari erreferentzia egiten dion konplexu parasitarioa zoonosi bat da, eta parasito beraren forma helduak (Taenia Saginata) eta forma gazte edo larbarioak (Cysticercus Bovis) sorrarazten dute. Gizakia (forma helduaren behin betiko ostalaria) infektatzeko modua behi-haragia gordinik edo gutxi eginda jatea da. Behiek (bitarteko ostalariak), aldiz, ahotik bereganatzen dute parasitosia, pentsuen, bazken, uraren eta halakoen bidez. Horretarako, animalien jakiek parasito helduaren arrautzekin kutsatuta egon behar dute; gizakiak gorozkien bidez kanporatzen ditu arrautza horiek.
Gizakietan erregistratutako teniasi-kasuen bilakaerak gora egin zuela egiaztatu ondoren, eta ikusita 2000. eta 2004. urteen artean behi-aziendaren hiltegietako hil ondorengo azterketetan diagnostikatutako zistizerkosi-kasuak pixkanaka areagotzen ari zirela, Gipuzkoako teniasi-zistizerkosiaren zaintza aktibo protokolizaturako azterketa bat egitea proposatu zen. Azterketa horren emaitzak ikusgai daude Eusko Jaurlaritzaren Osasun Publikoaren Sailak argitaratutako txostenean. Bertan, 2015-2013 aldiko datuak daude jasota.
Honako hauek dira ondorio aipagarrienak:
- Gipuzkoako lurraldean egin den zaintza aktiboak iraun duen aldian (9 urte), behien zistizerkosi-kasuek behera egin dute, % 0,02ra arte, eta gizakien teniasi-kasuak % 3,25eko prebalentziatik % 1,68ra igaro dira 2013an.
- Gipuzkoan, intzidentzia txikiko lurralde gisa katalogatuta badago ere, ikuspegi epidemiologikotik begiratuta bere horretan jarraitzen du ziklo parasitarioak, nahiz eta hori eteteko kontrol-neurriak ezarri diren.
- Naturan egiten diren turismo- eta kirol-jarduerak eta ganadu-zaintzaileen higiene-jardunbide okerrak direla eta, bazkak eta urak kutsatu egiten dira parasitodun banakoek kanporatutako Taenia Saginataren arrautzekin. Datuen azterketan ikus daiteke parkeek eta aisialdirako eremu naturalek kasuistika areagotzen dutela.
- Hiltegietako haragietan diagnostikoa egiten dela bermatzeko, beharrezkoa da kasu positiboak dituzten ustiategietatik datozen animaliei hil ondorengo azterketa egitea eta, horrez gain, detekzio azkarrerako testak egitea hiltegian bertan eta kanal positiboak hotzaren bidez tratatzea.
- Konplexu parasitario hori dela eta, osasuna sustatu behar da herritarren artean, horri lotutako faktoreak ezagutarazteko eta aholku batzuk emateko. Hauek dira, besteak beste, aholku horietako batzuk: kirol- eta turismo-jarduerak egitean kaka aire zabalean ez egitea; haragi gordinik ez jatea, edo, bestela, haragi hori aldez aurretik izoztea.
- Beharrezkoa da diziplina askotatik esku hartzea eta koordinazio-lanak ezartzea esparru hauetako lan-arloen artean: laguntza-osasuna, osasun publikoa, animalien osasuna eta ingurumenaren osasuna.
Informazio gehiago – Azterketa osoa