Glifosatoaren HGMen berrikuspena
EFSAk elikagaietako glifosatoaren hondakinen gehieneko mugak (HGM) berrikusi ditu, EBko estatu kide guztiei eskatutako elikagaietan zeuden hondakinei buruzko datuetan oinarrituta.
Europako Agintaritzak, landareetan, produktu eraldatuetan, txandakako laboreetan eta abereetan zenbat glifosato-hondakin zegoen aztertzeko, aintzat hartu zituen Batzordearen 1141/2010 (EB) Araudiaren ondorioak eta horren geroko aldaketa, Batzordearen 380/2013 (EB) Araudiak ekarri zuena.
Bestalde, glifosatoaren datu toxikologikoak ez dira ebaluatu oraingo berrikuspenean, eta txosten honek ez du zehazten glifosatoaren eta haren metabolitoen profil toxikologikoa.
Giza osasuna
Berrikuspen honetan glifosato herbizidarekin tratatutako labore guztiak sartu dituzte, baita arrisku-ebaluazio bat ere, adierazten duena gaur egungo esposizio-mailak ez direla arriskutsuak giza osasunerako. Ebaluazio honetan, EFSAk EBko heldu eta haurren dietak alderatu zituen EFSAk berak 2015ean gomendatutako ingesta-balio seguruekin (Glyphosate: EFSA updates toxicological profile).
Alabaina, nahiz eta kontsumitzaileentzat arrisku nabarmenik ez zen identifikatu, ebaluazio honetan legez eskatzen diren datuak eta informazioa falta dira, eta hainbat ziurgabetasun aurkitu dira. Hori dela eta, EFSAk egindako arrisku-ebaluazio hau gutxi gorabeherakoa baino ez da, eta arrisku-kudeatzaileek aztertu eta ebaluatu behar dituzte EFSAk proposatutako HGMetako batzuk.
Animalien osasuna
HGMen berrikuspenaren datuekin aztertu zen, halaber, nolako eragina izan zezaketen jakietako glifosato-hondakinek animalien osasunean.
Ebaluazio horretan, pentsuetako glifosato-presentziari buruzko informazio guztia aztertu zen, pentsu inportatuei buruzkoa barne, eta, lortu ziren datuen arabera, ondorioztatu zen ez duela eraginik izango behien, ardien, txerrien, zaldien eta hegaztien osasunean.