Erresuma Batuko Osasun Agentziak bi gida argitaratu ditu: bata, nazio-mailako gobernuei zuzendua, eta bestea toki-mailakoei zuzendua, pertsonen portaera ulertzeko esparrua ematen dutenak eta ohitura osasungarriagoak hartzea sustatzeko esku-hartzeak eta politikak garatzen dituztenak.


Ohiturak aldatzeko esku-hartze eta politiken edukiak eta ezarpenak Portaera Aldatzeko Tekniketan egon behar dute oinarrituta; izan ere, pertsonen portaerak alda daitezen, pertsonarekin berarekin eta horren inguruarekin lotutako alderdiak aldatu behar dira. Hori dela eta, gida horiek Portaera Aldatzeko Gurpila izenarekin ezaguna den diziplina anitzeko ikuspegian daude oinarrituta; diziplina horrek banako beharrak, oztopoak eta aukerak identifikatzen ditu, pertsonen portaeraren aldaketak ulertze eta errazte aldera.

Gida horiek honako fase hauetan oinarritutako ikuspegi egituratua errazten dute:

  1. Portaerak hautatzea: politikaren helburuen xede diren biztanleria eta talde garrantzitsuen portaerak identifikatzea.
  2. Diagnostikoa: nahi den portaera-aldaketa sortuko duena zehaztea, xede taldearen ahalmena, aukera eta/edo motibazioa aintzat hartuta.
  3. Esku-hartzea hautatzea: egindako diagnostikoaren arabera portaeraren gainean eragiteko egokienak diren esku-hartze motak identifikatzea: Heziketa, Pertsuasioa, Pizgarria, Hertsatzea, Murrizketa, Gaitzea, Ingurunea Berregituratzea, Modelatzea eta Erraztea.
  4. Estrategia formulatzea: esku-hartzeak ezartzeko egokienak diren aukerak identifikatzea: komunikazioa eta marketina, gidalerroak, legedia, araudia, zerga-neurriak, zerbitzuak ematea eta/edo ingurumen- eta gizarte- plangintza.
  5. Esku-hartzea garatzea: esku-hartzearen edukiaren eta egikaritzearen xehetasunak erabakitzea.
  6. Ebaluazioa egitea: garapen-prozesuan zehar esku-hartzeen eta horien osagarrien ebaluazioa egitea, honako irizpide hauen arabera: Onargarritasuna, Bideragarritasuna, Eraginkortasuna, Eskuragarritasuna, Albo Ondorioak eta Ekitatea.

Gainera, gidek tresnak aurkezten dituzte eta fase bakoitzerako kasuen adibideak ematen dituzte, batera erabiltzeko edo elkarrekin konbinatuz erabiltzeko.