EFSAk esparru harmonizatu bat garatu du elikagai eta pentsuetako nahaste kimikoek izan ditzaketen efektu konbinatuak ebaluatzeko, bere talde zientifikoek erabili ahal izan dezaten. Tresna hori garrantzi handikoa da arrisku kimikoen ebaluazioaren arloan, eta gaur egun EBk substantziak banaka ebaluatzeko ezartzen dituen arauzko eskakizunen osagarri da.

Oinarria

Pertsonek, animaliek eta ingurumenak iturri askotatik eratorritako hainbat substantzia kimikotarako esposizioa jasan dezakete. Oso zaila da substantzia kimikoen arteko konbinazioak zer ondorio izango dituen ulertzea, eta egon daitezkeen konbinazioen kopurua amaigabea da. Askotan substantzia bakoitzaren banakako efektuen dosiak batzen dira arrisku orokorra kalkulatzeko, baina hori ez da guztiz zuzena; izan ere, substantzia kimikoek elkarri eragiten diote eta, ondorioz, beren toxikotasunak gora edo behera egin dezake. Berariaz egiaztatu behar da ea substantziak nahastean toxikotasunak gora egiten duen. Horretarako, hain zuzen, sortu du tresna zientifiko praktiko hau EFSAren Batzorde Zientifikoak.

Metodologia

Hainbat produktu kimikotarako esposizio konbinatua aintzat hartzeko modukoa den egoeretan, ebaluazioa substantzia kimiko bakarrarekin egiten den bezalaxe egin behar da. Gidan azaltzen den moduan, askotariko ikuspegiak erabil daitezke, hala nola substantzia kimikoak ebaluazio taldetan multzokatzea, dosiak gehitzea, kontzentrazioak gehitzea, erantzunak gehitzea edota substantzien arteko elkarrekintzak frogatzen dituzten beste ikuspegi batzuk erabiltzea.

Gidan zehaztutako esparru harmonizatuak lau pauso barne hartzen ditu:

  1. arazoak formulatzea
  2. esposizioa ebaluatzea
  3. arriskuak identifikatzea eta horien ezaugarriak zehaztea
  4. arriskuen ezaugarriak zehaztea eta, horren barruan, ziurgabetasunak analizatzea

Horrez gain, gidak txosten-ereduak ematen ditu, hainbat substantzia kimikotarako esposizio konbinatuaren arrisku-ebaluazioaren emaitzak modu argi eta osatuan laburtu ahal izateko.

Adibide praktikoa

Gidaren eranskinetan metodologia hau erabiltzeko hiru adibide praktiko datoz, arlo hauekin lotura dutenak: giza osasuna, animalien osasuna eta ingurumena. Zehazki, hauek dira ereduak:

  • Kutsatzaile hepatotoxikoak elikagaietan
  • Pentsuetarako gehigarri gisa erabilitako olio esentzialak
  • Erleekin lotutako arriskuaren ezaugarriak zehazteko orduan elkarrekintzek duten eragina

Azkenik, gidak zenbait gomendio ematen ditu, eta hainbat substantzia kimikotarako esposizioaren arrisku-ebaluazioaren arloan dauden ikerketa-premiak identifikatzen ditu.

Tresna hau, arriskuen ebaluaziorako oso interesgarria izateaz gain, oso erabilgarria izan daiteke arriskuen kudeaketaren oinarri eta informazio-baliabide gisa. Gida jendaurrean egon da 2018an zehar eta dagoeneko erabiltzen dute plagiziden eta kutsatzaileen taldeetako adituek.

Multimedia tresna

Bestetik, EFSAk ikerketa-lan bat argitaratu du eta bertan frogatu du, oro har, EBko herritarrek nahaste kimikoekiko duten sentsibilizazio-maila nahiko baxua dela. Hori dela eta, EFSAk beste multimedia tresna interaktibo bat garatu du gai honen inguruko arazo eta kontzeptu nagusiak ulertzen laguntzeko (esaterako, “esposizio konbinatua” eta “toxikotasun konbinatua”).