Osasungintza Publikoaren eta Ingurumenaren Herbehereetako Institutu Nazionalak (RIVM) azterlan bat argitaratu du, non erakusten baitu haragia maiz jaten dutenek ez dituztela ESBL kopuru handiagoak begetarianoek baino.

ESBL entzimak (espektro zabaleko betalaktamasak) bakterio jakin batzuetan egon ohi dira, eta antibiotikoekiko erresistente bihurtzen dituzte, gai baitira ohiko antibiotiko askoren printzipio aktiboak deskonposatzeko eta inaktibo bilakatzeko.

Azterlanean, hiru dieta-eredu desberdin zituzten 1.542 pertsonaren datuak ikertu zituzten, eta haien eginkariak ere analizatu zituzten, ESBL entzimarik zegoen ikusteko. Honako pertsona hauek aztertu ziren:

  • beganoak eta begetarianoak (haragirik eta arrainik jaten ez dutenak),
  • haragirik ez baina arraina jaten dutenak,
  • eta haragia gutxienez astean hirutan jaten dutenak.

Horrez gain, zenbait arrisku-faktore ere kontuan izan zituzten: animaliekiko kontaktua, atzerrira egindako bidaiak, sendagai jakin batzuen erabilera, eta ospitaleratzeak.

ESBL ekoizten duten bakterioak animalietan eta haragian garatzen dira. Horregatik, pentsatu zen haragia erregulartasunez jateak areagotu egin zitzakeela entzima horien mailak. Alabaina, RIVMren azterlanak bazter utzi du uste hori. Bestela esanda, haragia jateak ez du handitzen pertsona bat ESBL ekoizten duten bakterioek kolonizatuta egoteko arriskua.