852/2004 Erregelamenduan (EE) agertu zen lehen aldiz malgutasunaren kontzeptua; honetan datza: betekizun higienikoen aplikazioa egokitzea, kontuan hartuta establezimendu bakoitzaren inguruabarrak.
Inguruabar jakin batzuk daudenean, ikuspegi malgua aplika daiteke autokontrol sistemak ezartzeari dagokionez, bai ekoizpen primarioan bai elikagaien eraldaketan.
Europako araudiak malgutasunari buruz onartzen dituen arauak salbuespenak ematea eta betekizunak egokitzea dira. Autonomia-erkidego bakoitzeko osasun-agintaritza eskudunak finkatzen ditu irizpide eta metodologia espezifikoak.
Malgutasuna egokia da metodo tradizionalak erabiltzen jarraitu ahal izateko elikagaien ekoizpen, eraldaketa edo banaketaren edozein fasetan. Hala ere, malgutasunak ez ditu arriskuan jarri behar elikagaien higiene-helburuak.
Euskadin, betekizun higieniko eta sanitarioen egokitzapena aplika daitekeen egoerak eta baldintzak arautzen hasi dira; Dekretu bat argitaratu da horretarako. Dekretua aplikagarria da ekoizpen-bolumen mugatua duten nekazaritzako elikagai-enpresa txikietan; bolumen hori dagokion Instrukzio Teknikoan ezartzen da.
76/2016 Dekretua oinarri hartuta, sektore bakoitzerako baldintza espezifikoak ezarri dira. 2018an, 1.000 oilotik beherako ustiategiei eta gaztandegi txikiei zuzendutakoa argitaratu zen, eta 2019an okintza/pastelgintza eta jatorri begetaleko produktuen sektoreei zuzendutakoak.
Jarduera horiek beren bolumenari egokitutako baldintzak izango dituzte; azpiegiturei eta instalazioei buruzko kontu guztiak, adibidez. Horri esker, egin beharreko inbertsioa murrizten da, beren bideragarritasuna arriskuan jarri gabe.
Arau horien bidez, osatu egiten da Eusko Jaurlaritzak 2013an planteatutako araudi-esparrua, elikagaien eraldaketa-jarduera txikien, komertzializazio-zirkuitu laburren eta tokiko produktuaren balioa azpimarratzeko jardueren garapena ahalbidetzera begira.
Arauak ezarri ahal izan dira euskal sektore agenteek, foru aldundiek eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura eta Osasun Sailek elkarrekin eginiko lanari esker, ELIKA Elikagaien Segurtasunerako Euskal Fundazioaren koordinazio eta aholkularitzarekin.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak arau hori sortu zuen honako helburu hauekin:
- Baimen sanitarioaren prozedura, jarduera hasieraren komunikazioa edo datuak aldatzekoa arautzea Euskal Autonomia Erkidegoan beren jarduera garatzen duten elikagaien enpresa eta establezimenduentzat.
- Euskal Autonomia Erkidegoko elikagai-establezimenduen erregistroa (ELESE) sortzea.
ELESE erregistroa autonomikoa eta publikoa izango da, eta Osasun arloan eskumena duen saileko administrariek kudeatuko dute.
Artisau-ekoizpenaren kasuan, Dekretu bat argitaratu zen, zeinetan aztertu baitzen betekizun higieniko eta sanitarioak egokitzeko aukera, dekretuan zehaztutako artisau-produktu guztietan edo batzuetan, bat etorriz osasun publikoaren arloan indarrean dagoen araudiarekin.
Esne ustiategiak
Zein produktu?
Esne pasteurizatua, jogurtak, mamiak, kefirra, gazta freskoak eta erdionduak, gurinak, esne-gainak, gaztanbera… gutxienez 60 eguneko ontze-aldia duten eta esne gordinarekin eginda dauden gaztak eta esne-izozkiak.
Zenbateko bolumena?
Gehienez ere:
- 100.000 litro behi-esne eraldatu urtean
- 30.000 litro ardi-esne eraldatu urtean
- 40.000 litro ahuntz-esne eraldatu urtean
Hurbileko salmentari buruzko 51/2024 Dekretuak sartutako aldaketak:
- Produktu horien identifikazio-markari dagokionez, hauetako bat adierazi behar da, aukeratutako hizkuntzaren baitan:
HURBILEKO SALMENTA
VENTA DE PROXIMIDAD
- Esne gordinarekin egin diren eta elaborazio-prozesuan tratamendu termiko, fisiko edo kimikorik egin ez zaien produktuen etiketan argi eta garbi adierazi beharko da, erregistro sanitarioaz gain, ondorengo esapideren bat adierazi beharko da, aukeratutako hizkuntzaren baitan:
«ESNE GORDINAREKIN EGINA»
«ELABORADO CON LECHE CRUDA»
Arrautza ustiategiak
Hurbileko salmentari buruzko 51/2024 Dekretuak aldatu zuen, ustiategiaren bolumenari dagokionez, behean adierazitako kopuruak ezarriz:
Zein produktu?
Oilo erruleen A kategoriako arrautzak, ustiategian bertan ekoitziak.
Zenbateko bolumena?
- 50 baino gehiago eta 1.000 baino gutxiago oilo errule dutenak.
- Produktu horien identifikazio-markari dagokionez, hauetako bat adierazi behar da, aukeratutako hizkuntzaren baitan:
HURBILEKO SALMENTA
VENTA DE PROXIMIDAD
Jatorri begetaleko produktuak
Zein produktu?
Kontserba begetalak eta ozpinetakoak; marmeladak eta irasagarra; hozituak, zukuak eta deribatuak; jatorri begetaleko produktu zuritu, zatitu, deshidratatu, lehortu eta/edo egosiak, eta ortuari fresko higienizatuak (IV. gamakoak).
Zenbateko bolumena?
- Barazkiak: produktu eraldatuaren 2.500 kg/urte baino txikiagoa.
- Zukuak: produktu eraldatuaren 5.000 litro/urte baino txikiagoa.
Hurbileko salmentari buruzko 51/2024 Dekretuak aldatu zuen, produktu horien identifikazio-markari dagokionez, eta hauetako bat adierazi behar da:
HURBILEKO SALMENTA
VENTA DE PROXIMIDAD
Okintza, pastelgintza eta iringintza
Zein produktu?
Ogi eta opil arruntak; pastelgintza, konfiteria eta gozogintzako produktuak; irinak (artoa, garia, etab.) eta ogi arraspatua.
Zenbateko bolumena?
- Okintza: gehienez 1.250 kg irin astean.
- Pastelgintza: lantegiko langileak 3 izango dira gehienez.
Hurbileko salmentari buruzko 51/2024 Dekretuak aldatu zuen, produktu horien identifikazio-markari dagokionez, eta hauetako bat adierazi behar da:
HURBILEKO SALMENTA
VENTA DE PROXIMIDAD
Malgutasunari buruzko jardunaldia
ELIKAk eta HAZIk prestakuntza-jardunaldi bat antolatu zuten, gaiarekin lotutako eragile nahiz teknikarientzat.
2019ko maiatzaren 24an egin zen, Fraisoro Ingurumen eta Nekazal Laborategian (Gipuzkoa).
Esteka honetan, jardunaldiko aurkezpenak eta bideo osoak ikus ditzakezu:
Eguneratze data: