FAOk eguneratu egin du arrainaren bidezko intoxikazio histaminikoari buruzko informazioa, duela gutxi zientzia-irizpen batek berrikusi eta eguneratu egin dituelako kutsatzaile horretarako erreferentziazko mailak.

Intoxikazio histaminikoa koadro toxiko bat da, eskonbrotoxina bidezko intoxikazio gisa ere ezaguna eta, oro har, histamina-maila altuak dituzten arrainak kontsumitzearekin lotuta dago, baita beste amina biogeniko batzuen maila altuekin ere, histidinaren bakterio-deskarboxilaziotik eratorriak dira eta. Eskonbrida familiako arrainak dira tartean egon ohi direnak (atuna, hegaluzea, berdela, etab.), eta beste espezie pelagiko batzuk ere bai; esaterako, sardinak eta antxoak.

Codexak arrainen histamina mailak finkatu zituen, deskonposatzearen, higienearen eta maneiuaren adierazle gisa, eta horietako batzuk ez zuten froga zientifiko argirik. Hortaz, berrikusteko beharraren aurrean, FAO/MOEko adituen batzorde misto bati eskatu zientzia-irizpena eman zezala, histamina eta beste amina biogeno batzuk dituzten arrainak kontsumitzeak osasun publikoan eragin ditzakeen arriskuei buruz.

Txosten horren ondorioa da histamina izatea eskonbrotoxina bidezko intoxikazioa eragin dezakeen agente garrantzitsuena; horrenbestez, konposatu hori adierazle gisa erabil daiteke. Bestalde, 50 mg-ko NOAEL berria finkatu da histaminarako, baita histaminaren 200 mg/kg-ko gehienezko kontzentrazioa ere errazio bakoitzeko (250 g-ko arrain errazio batean oinarrituta), eragin kaltegarririk sor ez dezan.

Histamina sortzea erraz kontrola daiteke higienezko jardunbide egokiak aplikatuz, autokontrolerako sistemak (APPCC) abian jarriz eta laginketa planak ezarriz, kontrol-neurriak modu eraginkorrean gauzatu al diren atzemateko. Azken xede horretarako, FAOk eta MOEk tresna erraza garatu dute, laginketa-planak ezartzean erabakiak hartzen laguntzeko.

Informazio-orria

FAO/MOE zientzia-irizpena

Laginketa-planetarako tresna