ACSAko elikagaien segurtasunerako batzorde zientifiko aholkulariak txosten bat egin du elikagaietan dagoen histaminak eta beste amina biogeno batzuk hartzeak pertsonengan izaten dituzten ondorio kaltegarriei buruz: eskonbroidosi intoxikazioa eta histaminari intolerantzia.  

Kontsumitzaileek kontzientziazio handiagoa behar dutela azpimarratzen da txosten horretan eta enpresek egin beharreko kudeaketa-estrategia egokiak ere badatoz, arriskuak txikitzeko eta osasun publikoa babesteko..



Histamina edo beste amina biogeno maila altuak izan ditzaketen elikagaiak dira honako hauek:

  • Mikrobiologiaren ikuspegitik erraz narriatzen diren elikagai freskoak (arraina, haragia, etab.).  
  • Baldintza higieniko ez oso egokietan egin edo gorde diren haragi- edo arrain-deribatuak.
  • Hartzidura edo heltze bidez lortutako elikagaiak eta edariak.
  • Odola edo erraiak dituzten elikagaiak.
  • Landare-produktu batzuk (adib. tomatea, alberjinia).

Batetik, elikadura-intoxikazioa erreakzio akutua da eta histamina maila altuekiko elikagaiak jateagatik izaten da, bereziki gaizki kontserbatutako arrain eta haragietan izaten da maila altu hori. Honako sintoma hauek izaten dira, besteak beste: zefalea, palpitazioak, goragalea eta beherakoa. Eta histamina ugari duen elikagaia jan ondoren berehala agertzen dira.


Bestalde, histaminari intolerantzia izatea erreakzio kronikoa da eta gorputzak ezin izaten du behar bezala narriatu irentsitako histamina; horrek beste intolerantzien antzeko sintomak eragiten ditu, hau da, sudurreko kongestioa, urtikaria, sabeleko mina eta migrainak. Intolerantzia hori entzima diaminooxidasaren (DAO) gabeziei lotuta egon daiteke, histamina metabolizatzearen arduraduna baita.


Elikagaietan dauden beste amina biogeno batzuk ere aztertu ditu dokumentuak, esaterako, tiramina eta kadaberina. Horiek biek histaminaren ondorioak areagotu egin ditzakete edo beren kabuz eragin ondorio kaltegarriak.


Bi efektuak bereizteko, oso garrantzitsua da diagnostiko
egokia egitea eta prebentzio neurriak ere garrantzitsuak dira, hala nola,
elikagaien kalitate-kontrola eta dieta pertsonalizatua, aurkako ondorio horiek
saihesteko.