Arriskuak ebaluatzeko Europako hiru erakundek (RIVM, BfR eta DTU) ibilbide-orri bat egin dute zenbait substantzia kimikoren esposizio konbinatuari buruz. Argitaratu berria den agirian EFSAren 2030erako helburua lortzeko lehentasunezko ikerketa-beharrak identifikatu dira, zenbait substantzia kimikok giza osasunarentzako dituzten arrisku anitzen ebaluazioa errutinaz ezartzeko (RACEMiC). Era berean, gomendio batzuk ere egin dira EFSAk ikerketen deialdiak bidera ditzan eta emaitzak arriskuen ebaluazioan ezar ditzan.

Substantzia kimikoen arriskua ebaluatzeko alorrean egungo egoera aztertzearen bidez, ikerketarako lehentasun hauek identifikatu dira:

  • Produktu fitosanitarioak:

Zenbait metodo, datu eta tresna daude dietaren bidezko produktu fitosanitarioen nahasketen arriskuak ebaluatzeko, baina oraindik ere hutsune zientifikoak daude esposizio ez dietetikorako.

  • Elikagai-gehigarriak

Gehigarrien nahasketen arriskua ebaluatzeko arauzko prestakuntza nahiko osoa da, eskura baitaude nahiz arriskuaren datuak nahiz agerpen eta esposizioarenak, nahiz eta oraindik esposizio-taldeak garatu beharko liratekeen, baita arriskuaren ebaluaziorako tresna informatikoak ere.

  • Harremanetan dauden materialak eta beste kutsatzaile kimiko batzuk:

Talde kimiko batzuentzako egin dira nahasketen arriskuaren ebaluazioak, hala nola PFA eta dioxinentzat. Elikagaiekin kontaktuan dauden materialei dagokienez, RACEMiCerako erabil daitezkeen metodoak, datuak eta tresnak nahiko mugatuak dira. Eta beste kutsatzaile batzuei dagokienez, ez dago informaziorik arriskuari eta esposizioari buruz, nahasketen arriskua ebaluatu ahal izateko.

Proposamenak eta gomendioak

Identifikatutako hutsune zientifiko batzuei nahasketen arrisku-ebaluazioaren aplikazioan duten inpaktuaren arabera eman zitzaien lehentasuna, eta, ondorioz, urte anitzeko proiektuen hamabi proposamen definitu ziren, hutsune horiei epe labur, ertain eta luzean heltzeko.

Era berean, plagiziden arauzko esparruetan zenbait lan-arlo proposatu ziren eta lehentasuna eman ere bai, baita elikagaiekin harremanetan dauden materialetan eta elikagai-gehigarrietan ere, substantzia kimikoen esparru orokorrean proposatzeaz eta lehentasuna emateaz gain.

Amaitzeko, zenbait gomendio eman dira interesa duten aldeen konpromisoa eta nahasketen arriskuen ebaluazioari buruzko komunikazioa hobetzeko. Besteak beste, lineako katalogo bat sortzea nahasketen arriskua ebaluatzeko tresnekin, metodoekin eta datuekin; aldiro mintegiak/lantegiak antolatzea linean, interesdunek informazioa trukatzea sustatzeko eta elikagaien segurtasunerako komunikazio zentro nazionalen erabilera eraginkorragoa egiteko, jendearekin komunikatzerakoan oro har.

Ondorioak

EFSAk ibilbide-orri hau erabil dezake datozen urteetan ikerketa-deialdiak identifikatzeko eta lehentasuna emateko.

Gainera, proposatutako ikerketa-proiektuen emaitza lagungarria izango du EFSAk nahasketen arrisku-ebaluazio bere lan-esparruan errutinaz ezartzeko.

Gaiaren konplexutasuna eta helburu hau lortu aurretik egin beharreko lan handia kontuan izanda, beharrezkoa izango da interesdunekin lankidetza estua eta komunikazioa izatea.