Hondakinak metatzetik eratorritako arriskuei buruzko lehen txostenak
EFSAk hainbat pestizidaren hondakinak metatzeak gizakientzat izan ditzakeen arriskuei buruzko bi ebaluazio piloturen emaitzak argitaratu ditu. Ebaluazioetako batek sistema tiroideoan eragindako ondore kronikoak aztertu ditu; besteak, berriz, nerbio-sistemako ondore akutuak. Ebaluazio biak dira EFSAk eta Holandako Osasun Publikoko eta Ingurumeneko Institutu Nazionalak (RIVM) hainbat urtez egindako lankidetzaren emaitza.
Elikagaietan eta pentsuetan dauden pestizidei buruzko EBko arauek ezartzen dute ezinbestekoa dela pestiziden ondore metagarri eta sinergikoak aintzat hartzea dietaren bidezko esposizioaren arrisku-ebaluazioan, horretarako metodologia egokiak daudenean. Horrez gain, indarreko arauek ezartzen dute pestiziden hondakinek ez luketela inolako ondorio kaltegarririk izan behar gizakien osasunean, ezagutzen ditugun ondore metagarri eta sinergikoak kontuan hartuta.
Horregatik, EFSAk hainbat metodologia garatu ditu elikagaietan dauden pestizida-hondakinen arrisku metatua ebaluatzeko (ERA). Zehazki, prozedura bat garatu dute pestizidak beren ohiko ondore toxikologikoen arabera taldetan sailkatu eta ebaluazio metatua (GEA) egiteko.
Hartara, 2014, 2015 eta 2016ko prozedura ofizialetan jasotako datuak erabili ditu EFSAk, baita hamar kontsumitzaile talderen datuak ere. Taldeak hautatzeko irizpideak eremu geografikoak eta adin-tarteak izan ziren:
- Haur txikiak (Danimarka, Herbehereak, Erresuma Batua).
- Bestelako haurrak (Bulgaria, Frantzia, Herbehereak).
- Helduak (Belgika, Txekiar Errepublika, Alemania, Italia).
EFSAko adituek identifikatu zituzten ebaluatutako substantziak, pestizidak “ebaluazio metatuko taldeetan” (GEA) sailkatzeko metodologia berezia erabiliz. Zehazki, GEAk ezarri ziren ebaluazio pilotuetan aztergai izan ziren lau ondoreetako bakoitzerako.
GEA bakoitzari bi esposizio bidezko ebaluazio egin zitzaizkion: bat EFSAk eta bestea Holandako Osasun Publikoko eta Ingurumeneko Institutu Nazionalak (RIVM). Tiroidea ebaluatzeko bi GEAek barne hartu zituzten, hurrenez hurren, 124 eta 18 substantzia aktibo. Nerbio-sistema ebaluatzeko erabilitako gainerako biek, aldiz, 100 eta 47 substantzia aktibo, hurrenez hurren.
EFSAk esposizio-marjin konbinatuaren (guztizko) kontzeptua erabili zuen (MOET).
Ebaluazio bietatik ateratako ondorio orokorra da kontsumitzaileek dietaren bidez duten esposizio metatua ekintza arautzailea abiarazten duen atalasetik behera dagoela, ziurtasun-maila ezberdinekin, aztertutako adin talde guztietan.